'Zaldi bat' eleberria aurkeztu du Maddi Ane Txoperena idazle lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

Maddi Ane Txoperenaren hirugarren eleberria da. Argazkia: Irantzu Pastor.

Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle lesakarraren hirugarren eleberria da 'Zaldi bat' eta pasa den ortziralean aurkeztu zuen jendaurrean Donostian

Ene baitan bizi da eta Ez erran inori liburuen ondotik ondu du Zaldi bat idazle lesakarrak. Txatalkako teknika erabiliz ondu du kontakizuna eta horrela aurkeztu zuen ortziralean: «Sei hilabeteko umetxoaz askatzeko-edo hasiko da Miren mendira joaten, astero, eta aldiro ikusiko du zaldia, zaldi jakin hori, harekin harreman berezi bat sortzeraino. Zaldiak gogora ekarriko dio Unai, duela urte batzuk zendutako laguna, eta harekin izandako harremana. Eta bere heriotza. Eta dolu horren mina».  

Idazleak azaldu duenez, «melodia» nagusi horri «pause» eman eta bertzelako kantu ttiki batzuk gehitu dizkio. «Puzzle gisa eraikitako nobela hau Unairi buruzkoa da, baina Mirenen filtrotik pasatutako Unairena, bien arteko laguntasunarena, eta haren etenena. Gurutzatzen dute amatasunak, eta ezinbertzean heriotzak eta doluak. Ezinbertzean, beharbada, espiritualtasunak edota eromenak ere bai (nondik irakurtzen den)».   

Txoperenak aurkezpenean azaldu zuenez, askotariko materialak erabili ditu lana sortzerako orduan: «Erabili ditut memoria eta bizipen pertsonal zein kolektiboak, behaketa zein dokumentazio etnografikoak, ingurukoekin izandako elkarrizketa, irakurketa anitz eta nola ez, fantasia, magia eta jolas dezente». 

Aurkezpenak herriz herri

Zaldi bat liburuaren aurkezpen bira eginen du idazlek heldu den asteetan. Martxoan 11n Iruñean aurkeztuko da, 18an Baionan eta 25ean Bilbon. Apirilaren 21ean Zizurkilen izanen da aurkezpena eta martxoaren 27an Gasteizen. Tartean, apirilaren 23an, Literatura Geraldiak egitasmoaren barrenean, Berako liburutegian aurkeztuko du liburua 18:00etan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun