Martxoak 8

[ARGAZKIAK] Bortzirietan ere karrikara atera dira martxoaren 8an

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

Atzo, martxoaren 8an, Saran elkartu zen Baztan-Bidasoko eta Xaretako mugimendu feminista. Bortzirietako talde feministek Sarako manifestaziora joateko deia luzatu bazuten ere, hainbat ekitaldi egin zituzten Bortzirietan ere. 

Eguneko ekitaldi jendetsuena Igantzin egindako Bortzirietako Emakumeen* Mendi Itzulia izan zen. 65 mendizale elkartu ziren mendira joateko, eta ondotik elkarretaratzea egin zuten Igantzin eta baita bazkaria ere. Heldu den urterako lekukoa ere pasatu zuten, eta Beran izanen dela jakinarazi zuten. 

Elkarretaratzeak Arantzan, Etxalarren eta Igantzin

Igantziko mendi itzuliaren tenore berean, elkarretaratzea egin zuten Arantzan. M8 Berdintasunerako Bidean lelopean elkartu ziren 40 bat lagun.

Lesakan ere elkarretaratzea egin zuten, baina kasu horretan larunbatean. Ez da zuen kontra, gure alde baizik lelopean elkartu ziren Plazan Zaharrean. Alazne Untxaloren esaldia hartu zuten lelotzat Xulufrinak Sare Feministak feminismoa ulertzeko duen moduarekin bat egiten duelako: «Emakumeon eskubideen eta bizitzen alde ari baikara, ez inoren kontra. Sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka egitea denon alde egitea baita. Hala, elkarrekin ditugun sareak indartzen segitu eta segituko dugu, baita emakumeak gure artean elkartzen eta ahalduntzen ere, eta elkarrekin goxatzen eta gozatzen. Lesaka eta Euskal Herria ere feminismotik eraikitzeko: bertze herri bat feminismotik». 

Beran, atzo goizean gosaltzeko elkartu ziren, eta handik Sarara oinez joan ziren bertan antolatutako protestarekin bat egiteko. Etxalarren, aldiz, Saratik bueltan, ilunabarrean egitekoa zuten elkarretaratzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun