Berako Altzate karrikako lanen lehendabiziko fasea bukatzear da

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 5a

Iparralde karrikaren bidegurutzera ailegatuko dira Altzateko lanak heldu den astean.

Lau hilabete dira Berako Altzate karrika eraberritzeko lanekin hasi zirela. Heldu den astean Altzate eta Iparraldea karrika arteko bidegurutzean hasiko dira lanean eta hori eginda. bukatuko da lanen lehendabiziko fasea.

Altzate karrika erabat berritzeko lanak egiten ari dira Beran. Iazko urrian hasi zituzten lanak eta hamabi hilabetez luzatzea aurreikusia dute. Bi fasetan eginen dituzte lanak eta lehendabiziko bukatzen ari dira. Berako Udalak lanen nola garatzen ari diren azaldu du. 

Duela lau hilabete hasi ziren lanak eta orain arte Eztegara eta Altzate arteko euri uren sarak eta Altzate eta Legia arteko bidegurutzeko sare guztiak berritu dituzte. «Azken tarte horretako lanak hagitz zailak izan dira, sare guztiak, gasa banatzeko sarearen ondoan daudenak, espazio estuan jarri behar izan direlako», azaldu du udalak. 

Altzate eta Legia arteko eremua eginda, Iparraldea karrikako bidegurutzeko lanak hasiko dira heldu den astean. «Bertan, Itzea karrikatik Iparralde karrikan barna heldu diren sareekin konektatzeko lanak egin beharko dira eta horretarako Iparralde eta Altzate arteko bidegurutzea itxi beharko da». 

Bidegurutze hori ixtean, Iparraldea karrikako sarbidea eta irteera Itzea karrikatik egin beharko da bi noranzkoetan. Iparraldea karrikan bizi diren edo bertan garajeak dituzte pertsonak bakarrik sartzen ahalko dira. Gainera Altzatera Altzate karrikako egoiliarrak edo zamalanetarako ibilgailuak bakarrik sartzen ahalko dira Altzateko plazatik. Kontuan izan behar da sarbidea lanen garapenaren baldintzapean egonen dela. 

Behin Iparraldea karrikako lanak bukatzen dituztenean, lanak bigarren fasean sartuko dira. Bigarren fasea hastean aldaketak izanen dira trafikoan. Udalak jakinarazi du herritarrei beharrezko informazioa emanen diela lanak fasez aldatzen direnean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun