Martxoak 8

Beran ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 5a

Euskal Herriko mugimendu feministaren leloarekin bat eginda, 'Bertze mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aitzinean: antolakuntza eta borroka' lelopean antolatu ditu ekintzak Goldatz Berako talde feministak. 

Larunbatean, martxoaren 7an, afari asiarra izanen da Katakun 20:00etan. Ondotik, 22:00etan hasita, pintxada feminista izanen da. Bildutako dirua Aroztegiko Elkartasun Komitearentzat izanen da. 

Biharamunean, martxoaren 8an, gosaria izanen dute 10:00etan Frantxia Haltzuet plazan. Handik, Sara mendi martxa eginen dute 11:00etan. Saran bazkari autogestionatua eginen dute. 

Sarara autoz joan nahi dutenek hitzordua 15:30ean izanen dute. Iamotenean elkartuko dira handik kotxe karabana egiteko. 16:30ean Sarako Suharriagan hasita eginen dute eskualdeko manifestazioa. 

Heldu den asteburuan izanen du egitarauak segida. Igandean, martxoaren 15ean, Kataku elkarteak antolatuta 12:30ean Mursego vs Skura Markus kontzertua izanen da. Ondotik, 14:30ean bazkaria eginen dute eta bildutako dira Aroztegiko Elkartasun Komitearentzat izanen da. 

Erakusketa eta musika emanaldia ere bai

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, martxoaren 13ra arte Zaintza erdigunean erakusketa ikusgai dago Kultur Etxean, Zaintza lanei buruzko erakusketa da eta astelehenetik ortziralera ikusten ahal da 14:00etatik 20:00etara. 

Martxoaren 14an, larunbata, berriz, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa emanaldia izanen da Kultur Etxean. Jon Martinek izenburu berarekin idatzitako liburua du abiapuntu emanaldiak. Jon Martin bera arituko dda testuak errezitatzen, Ainhoa Ansa eta Irati Odriozola kantuan eta Gari Amundarain gitarran. Emanaldia 19:00etan izanen da Kultur Etxean debalde. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun