Larunbatean hartu zuen auto elektrikoa Berako Udalak Karkarcar kooperatibaren eskutik eta, dagoeneko, herritarrek erabilgarri dute. Hori bai, erabiltzaileak Beran erroldatua egon beharko du.
Autoa erabili nahi dutenek Karkacar kooperatibako bazkide egin beharko dute eta 60 euroko sarrera kuota ordaindu. Behin bazkide direla, autoa erabiltzeko aukera izanen dute. Horretarako, kooperatibaren aplikazioa deskargatu beharko dute lehenik eta erreserba aplikazioaren bitartez egin. Autoa Vilaltaren zutoinetan kargatu beharko da eta kultur etxearen ondoko aparkalekuan dago prest zutoina.
Erabilera prezioak
Autoaren alokairu prezioari dagokionez, ordu bateko alokairuak 4 € kostako da; 5-10 ordu arteko erabilera 20 €; 10-24 ordu artean ibiltzeak 35 € eta 24-60 ordu artean ibiltzeak 60 €. Eta 60 ordutik gora ibiltzeko erreserbatu nahi bada, kasu horretan, 60 euroko prezioari euro bat gehitu beharko zaio ordu bakoitzeko.
Bazkideena izateaz gain, autoa udalarena ere bada eta, oraingoz, herriko etxeko lan orduetan udal lanetarako erabiliko dute. Ordutegi horretatik kanpo, herritarrek erabiltzen ahalko dute.
Autoa erabiltzeko baldintzei buruzko arauak herritarrei jakinarazteko bilera eginen dute heldu den asteartean, martxoaren 10ean, 18:30ean Beralandetan.