Beti Gazteko emakumeek 500 kiloko kategorian txapela jantziz borobildu dute Euskal Herriko sokatira txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 2a

Beti Gazteko emakumeak, eskuak goiti, txapeldun Euskal Herriko sokatira txapelketako 500 kiloko kategorian. Argazkia: Potronko

Lesakako taldeak aurten jokatu dituen sei txapelak eskuratu ditu eta historikoki Euskal Herriko berrogeita hamargarren txapela lortu du.

Euskal Herriko sokatira txapelketako azken jardunaldia egin dute otsailaren 28an Txantrean. Jardunaldi honetan erabaki da emakumeen 500 kiloko txapela, baita gizonezkoen 560 kiloko txapelketa ere, hauek jardunaldi bakarrean. Gizonezkoen pisu arinean Beti Gaztek ez du talderik atera, baina emakumeek, tiraldi guziak irabaziz, lortu dute txapela janztea.

Beti Gazteko emakumeak tiratzen Txantrean. Argazkia: Potronko

Beti Gazteko emakumeek, Goizuetan eta Abadiñon jokatutako jardunaldietan bezala, tiraldi guziak irabazi zituzten Txantrean ere. Hain zuzen, Txantrea izan zen bigarren eta Ibarra hirugarren.

Beti Gazte txapeldun, Txantrearekin eta Ibarrarekin, podiumean. Argazkia: Potronko.

Txantrean, Beti Gazteko zortzikote txapeldunean, Amaia Leiza, Onintza Zapiain (Bera), Irantzu Goienetxe, Elena Zabala (Doneztebe), Ane Gurrutxaga, Naiara Otxoteko (Etxalar), Ainhoa Ubiria, eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela. Goizuetan eta Abadiñon jokatutako saioetan, Txantreak utzitako Garazi Migeltorena lesakarra ere aritu zen tiran.

 

Euskal Herriko txapelketa nagusian 50 txapel

Lesakako taldeak aurten jokoan izan diren zazpi txapeletatik sei jantzi ditu. Parte hartu duen kategoria guztietakoak, alegia, gizonezkoen 560 kilokoan ez baitu talderik plazaratu. Gainera, Beti Gaztek, orain arte, historikoki Euskal Herriko txapelketa nagusiko 50 txapel jantzi ditu. Zenbaki borobila. Lehena duela 30 urte, 1996an jantzi zuen.

 

Munduko txapelketara ez

Munduko txapelketan ere hamar txapel lortuak ditut klub moduan Beti Gaztek, baina aurten ez du martxoaren 11tik 15era Txina Taipein jokatuko den mundialean parte hartuko. Taldeak jakinarazi duenez, «Euskal Herriko Txapelketan lortutako emaitzengatik, Taiwanen ospatuko den munduko txapelketan Euskal Selekzioa ordezkatzeko ohorea izan genezakeen. Baina pena handiz eta arrazoi desberdinengatik, Beti Gazteko tiralariak ezin izanen gara bertan izan. Beraz, ezin izanen dugu Euskal Herria ordezkatu. Baina joanen direnei zorterik handiena opa diegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun