Txapela zuen desio, eta txapelarekin itzuli zen Xilabako finaletik etxera Maddi Ane Txoperena Iribarren. Berak lortu zuen puntuaziorik altuena Donibane Lohizunen jokaturiko saioan. Maddalen Arzallus sailkatu zen bigarren, Miren Artetxe hirugarren, Aitor Servier laugarren, Irantzu Idoate borzgarren eta Elixabet Etxandi seigarren. Hendaian sortua, azken urteetan Lesaka du bizileku eta bertan bildu da TTIPI-TTAPArekin finaletik astebetera.
Nola zaude?
Lehendabiziko egunetan bezala segitzen dut: hagitz kontent eta hagitz nekatua.
Aurkitu diozu lekua txapelari?
Oraindik ez. Ibili naiz amatxirekin negoziaziotan —hura aipatu zuen bertzeak bertze bukaerako agurrean—, eta erraten du berak ez duela hartu nahi, nik egin dudala hori lortzeko lana eta nik merezi dudala etxean izatea. Beraz, etxean, Elenabaitan geldituko da. Aimar Karrika lehengusuak erran dit marko bat oparituko didala, eta marko horren barrean paratuko dut.
Nolako finala izanen zela erranen zenuke?
Oraindik ez dut dena aditzerik izan, baina uste dut hagitz final ona egin genuela. Hori izan zen nire sentipena barrenetik, eta kanpotik ere jendeak hori erran dit. Ganbarako ariketak momentuan ez nituen aditu—seigarren bertsolaria zen— baina batzuk aditu ditut ondotik, eta hagitz-hagitz onak iruditu zaizkit. Uste dut denek egin genuela saio polita, eta hori hagitz pozgarria da. Final bat ez da lehia bakarrik, prentsaurrekoan aipatu nuen besta handi bat izatea nahi nuela. Bagenuen ardura kolektiboa talde bezala etorriko zen jendeari saio on bat eskaintzeko, eta uste dut hori lortu genuela. Horrekin kontent nago.
Nolako lanketa eginda ailegatu zara finalera?
Lanketa bi partetan banatzen dut. Batetik, nik fondoko lana deitzen diodana dago, eta hori Alazne Untxalorekin egin dut. Astero elkartzen gara bertso eskola egiteko. Txapelketarik ez dagoenean, normalean, librean aritzen gara gure artean, solasean ariko bagina bezala, baina bertsotan. Horrek errodaje bat ematen dizu, ohitura bat, neurrian sartzen zara aski erraz, errimak lantzen dituzu… Bertsotan librean aritzeak ematen dizu deus ez dagoen lekutik gaia ateratzeko gaitasuna.
«Ganbarara bertsotan segitzeko gogoz joan nintzen»
Eta txapelketara begira?
Urtebete lehenago edo hasi ginen. Alaznerekin biltzen segitu nuen txapelketako ariketak eginez, eta aritu naiz elkartzen Miren Artetxerekin ia astero, eta Nafarroako txapelketa egin bitartean, baita Saioa Alkaizarekin eta Ekhiñe Zapianekin ere. Horiekin denekin ariketak lantzen ibili naiz, eta batez ere Mirenekin lantzen ibili garena izan da bakarkakoetan zer jarrera izan; zer teknika garatu, batez ere beldurrak eta blokeatzen gaituzten pentsamenduak gelditzeko.
Bakarkakoa izaten da bertsolaria biluzien aritzen den ariketa.
Bai, eta nik beti beldur dezente izan diot. Ofiziotan beti sentitu naiz eroso; gustatzen zait dialektika hori: zuk bertsoa bota, bertzearena aditu eta erantzun… Hagitz gustura aritzen naiz. Bakarkakoa orain arte ez zitzaidan gustatzen beldurra niolako. Nituen beldur horiek aunitz blokeatzen ninduten, eta denbora aunitz galtzen nuen beldurrak kudeatzen. Bertso eskolan Mirenekin ikasi dugu nolabait ere beldur horiei aurre egiten. Orain, bakarkakoa hartzen dut ariketa interesgarri bezala, eta gogoa dut gaia aditzeko, eta pentsatzeko gai horri nola kantatu nahi diodan. Hagitz kontent nago egin dudan aldaketa horrekin.
Txapelketa prestatzeko bildu zaren bertsolari guztiak dira emakumeak. Kasualitatea da, edo bilatutako zerbait?
Bilatu dut bertso eskolak erosoak eta konfiantzazko espazioak izatea. Nire kasuan, emakumeekin izan da, baina ez zuen zertan horrela izan beharrik. Josu Txoperenarekin ere elkartu naiz saio bat elkarrekin izan genuelako, eta Iker Gorosterrazurekin aritu nintzen duela lau urte. Uste dut emakume baino inportanteagoa dela feminista izatea eta gizonen kasuan zer motatako gizona den. Funtsezkoa da norekin dudan afinitatea, eta nork transmititzen didan segurtasuna eta konfiantza.
Egin dezagun salto finalaren egunera. Nola ailegatu zinen Donibane Lohizuneko Jai Alai frontoira?
Bezpera nahiko urduri pasa nuen, baina eguna bera nahiko ongi hasi nuen. Orokorrean, nahiko kontent eta gogotsu nintzen. Ikusten nuen ez nuela deus galtzeko eta dena nuela irabazteko, eta jarrera horrekin joan nintzen.
Agurretik beretik adierazi zenuen txapela lortzeko intentzioz joan zinela.
Kuriosoa da Maddalenek —Arzallus— eta biek erran genuela hori eta biek ailegatu ginela buruz burukora. Ikusten nuen txapelketa hasieran ez nintzela txapelerako hautagaien artean, edo jendeak ez ninduela kinieletan, batez ere Maialen eta Miren zeudela. Baina txapelketa hagitz ona egin nuenez, eta finalera saio guztiak irabazi eta puntuaziorik onenarekin ailegatu nintzenez, azken asteetan banengoen kinieletan, batzuetan behinik behin bai.
«Batez ere kontent nago buruz buruko lanarekin»
Mesede edo kalte egin dizu horrek?
Lagundu zidan sinisten nik ere lortzen ahal nuela, edo behintzat saiatzen ahal nintzela. Ingurukoek ere lan aunitz egin zuten ni konbentzitzen. Pentsatu nuen lehia horretan sartu nahi nuela, buruz burukora ailegatu, eta ez zegoela gaizki hori hasieratik argi uztea. Uste dut aunitzetan kostatzen zaigula erratea irabazi nahi dugula, baina ez duela deus txarrik. Intentzio guztiarekin joan nintzen irabaztera. Gorriz jantzia joan nintzen eta denak eragiten duela uste dut. Arropak, nola ailegatzen zaren, zer aurpegirekin, zer segurtasunekin… Horrek denak jarrera bat erakusten du. Sentsazio batzuk eragiten dituzu batez ere zure buruarengan baina baita publikoarengan ere. Gero, bertsotan ongi egin behar da, baina inportantea da jarrera eta bertze elementu horiek ere lagun izatea.
Orain arte ez zinen jarrera horrekin joaten?
Ez dakit zer erran. Duela lau urte ailegatu nintzen lehendabiziko aldiz finalera eta hor ere agurrean bota nuen: nahiz ez nauzuen ikusten/ ni txapeldun bezala/ txapela lortzeko egin/ nahi nuke eginahala/ta kasualitate batez/ izanen balitz hala/ badaezpada prest dugu/ Berriako azala. Nik banekien inork ez zuela espero nik irabazterik. Gozatzera eta final on bat egitera joan nintzen, eta horrekin kontent gelditu nintzen. Aurten, bertze intentzio bat nuen.
Lehen ariketak eginda zein aldartetan joan zinen ganbara?
Batez ere ailegatu nintzen oraindik bertsotarako gosez. Oroitzen naiz pentsatu nuela hagitz agudo pasa zitzaidala lehendabiziko zatia. Pentsatu nuen: ‘Ai ama, akabatu behar da, eta nik gehiago kantatu nahi dut’. Ez bakarrik buruz burukoan egon nahi nuelako, baizik eta bertso gehiago kantatu nahi nituelako. Kantatutakoarekin gustura nintzen, baina ikusten nuen bertze aunitz ere asmatzen ari zirela. Ez nuen batere garbi buruz burukora pasako ote nintzen, ezta bertze nor pasako zen ere.
Buruz buruko ganbarako ariketan bildu zenituen puntu gehien. Frankismoak eraildako aitatxiren gorpuzkiez aritu zinen. Erraz etorri zitzaizun bidea?
Hori izan zen burura etorri zitzaidan lehendabiziko eta ideia bakarra, eta sentsazio dut argitasun momentu gisako bat izan nuela. Bertsotan ez da aunitzetan gertatzen, baina etortzen denean hartu egin behar da. Gaia gustatu zitzaidan, eta etorri zitzaidan bidea egokia iruditu zitzaidan. Segidan erabaki nuen horrekin eginen nuela. Denbora bertsoak ahalik eta hobekien egiten eman nuen. Lehendabiziko bertsoa bota nuenean, ohartu nintzen, publikotik erreakzio handia jaso nuela, eta pentsatu nuen: ‘Maddi Ane, ongi ari zara, orain ez egin akatsik’. Horretan zentratu nintzen.
Lanak bukatuta, txapela irabazteko aukerarik bazenuela sentitu zenuen?
Aukera bai, baina ez nekien zenbaterainokoa. Maddalenen bi bakarkakoak ez nituen aditu, eta elementu guttiago nituen baloratzeko. Ondokoei galdetu nien eta oroitzen naiz Mirenek erraten zidala beharbada nik irabazten ahal nuela, baina ez zen gehiegi ausartzen bustitzera. Erdi errezuka ibili nintzen [irri artean] ea ailegatzen zen, eta ailegatu zen.
«Bertsolaritzan bidea egin da emakumeak ahalduntzeko»
Hizkuntza, lurra, errientsak, amatxiak… Horiek denak aipatu zenituen bukaerako agurrean. Etxetik eraman zenituen aipatu nahi zenituen gai horiek?
Bai. Irabazi nezakeela pentsatzen hasi nintzenean, hori sinistarazteko egin nuen gauzetako bat izan zen pentsatzea irabazten banuen zeri edo nori kantatuko nion. Bukaerako agur bat prestatu nuen kantatu nuenaren hagitz antzekoa zena. Finalera bukaerako bi agur prestatuta joan nintzen.
Zergatik nahi zenituen kontzeptu horiek denak plazaratu?
Kontziente nintzen Xilabako lehendabiziko emakume txapelduna izanen nintzela eta horrek badu pisu sinboliko bat. Bertzalde, Maialen Hiribarrenek jantzi behar zidan txapela eta bera urtetan Seaskan irakasle izandakoa da, eta bertso eskolen sortzailea; itzaleko lana egin duen emakumeetako bat. Polita iruditzen zitzaidan Maialen bezala gure aitzinetik isilpeko lanean aritu diren emakume guzti horiei aitortza bat egitea. Horretaz aparte, Ipar Euskal Herrian gaur egun arazo inportanteak direnak sartu nituen: Paristik nola heldu diren gure lurrak ebastera eta espekulatzera, hizkuntza zer gaizki tratatzen duten, eta horren aitzinean, nabarmendu nahi nuen herrigintzatik egiten den lana euskararen biziraupenerako. Odolezko amatxiei ere aipamena egin nien, Elenari eta Anttoniri.
Finaleko zer ariketarekin gelditu zinen gustura?
Batez ere kontent nago buruz burukoarekin. Uste dut buruz burukora pasa nintzela erran zutenean jarri nintzela borrokarako jarreran. Ahalik eta gehien estutu nuen neure burua, eta hor atera zitzaizkidan perlarik handienak, batez ere bakarkakoan. Saioa orokorrean hartuta, zortziko handiarekin kontent nago, hamarreko ttikiarekin ere bai, eta buruz burukoarekin batez ere.
Nola sentitu zinen kantatzea egokitu zaizun gaiekin?
Ongi. Lehen gustuko ez nuen gai bat aditzen nuenean gehiago blokeatzen nintzen, eta ez nuen bertsoa hainbertze borrokatzen. Azken urteetan ikasi dut nahiz eta gaia gustukoa ez izan, begiratzen gai horren barrenean zer egoten ahal den niri interesatzen zaidana. Izaten ahal dira gaiaren barneko azpigaiak, edo gai horren barrenean nik aukeratzen dudala pertsonaia konkretu baten larruan paratzea eta hortik kontatzea niri interesatzen zaidan zerbait. Uste dut horretan asmatu nuela finalean.
Zein iruditu zitzaizkizun zailenak?
Gai batzuk gehiago gustatu zitzaizkidan beste batzuk baino, baina denetan aurkitu nuen zerbait errateko. Guttiena gustatu zitzaidan puntu erantzunetakoa izan zen. Zaila da garraio publikoarekin jendea emozionatzea, baina hala ere, kontent nago. Uste dut puntuak ongi erantzun nituela eta ez nuela akatsik egin. Txapelketa batean konstantea eta erregularra izatea inportantea da.
Aunitz aipatu da bortz emakume zinetela finalean eta adinez ere final gaztea izan zela. Oholtzan belaunaldi aldaketa erakutsi zen?
Final gaztea baino, azpimarratuko nuke adin diferente aunitzetako jendea ginela, Irantzuk —Idoate— 20 urte ditu eta Mirenek —Artetxe— 40, eta tartean geunden denak. Uste dut badela Ipar Euskal Herrian bertsolaritzak eman duen bilakaeraren isla bat. Gero eta bertsolari gehiago daude adin, genero eta lurralde diferentetakoak. Elix hor egotea —Elixabet Etxandi—, baxenabartarra, ba hagitz seinale ona da.
Eta generoari dagokionez?
Bortz emakume ginen eta niretzat pozgarriena da nahiko modu naturalean bizi genuela denek hori. Horrek erakusten du egin dela bide bat bertsolaritzan feminismotik emakumeak ahalduntzeko, eta gero eta presentzia handiagoa dugula plazan eta gero eta normalizatuagoa dagoela hori. Hagitz interesgarria zen bortz emakume ginela, baina denak hagitz diferenteak, eta ez dut uste inork bloke bezala hartzen gintuenik.
«Gogoa nuen txapelketa nagusira sailkatzeko»
Txapelketan, hala ere, gutxiengoak zineten emakumeak.
Adierazgarria da txapelketan 24 bertsolari ginela, horietatik bederatzi ginela emakumeak, eta bortz finalera sailkatu garela. Horrek erakusten du emakumeak aunitzez ere autoexijenteagoak garela, eta normalean, izena ematen badugu dela maila batetik goiti badugulako behinik behin. Hor badago kezkatzeko kontu bat. Erraten da mediokre izatea pribilegioa dela, eta uste dut emakumeok badugula lanketa bat egiteko, eta nahiz eta onak ez izan, ausartzeko gauzak egitera.
Xilaba bukatu eta irailean Bertsolari Txapelketa Nagusia izanen da. Urrun ikusten duzu?
Kazetari guztiek galdetu didate hori eta hasia naiz pixka bat horretan pentsatzen. Orain arte burua Xilaban nuen eta kito. Gogoa nuen Euskal Herrikora pasatzeko, baina ez nuen deus ere gehiago pentsatua. Orain, egia da deskantsatu nahi dudala. Xilaba hagitz luzea izan da; azarotik urtarrilera. Tartean eguberriak izan genituen eta niri pixka bat astuna egin zait. Orain, Arabako txapelketa egiten ari dira eta hor ikusiko dugu Bertsolari Txapelketa Nagusian nork parte hartuko dugun. Izen ematea ere segidan izanen da eta aktibatu beharko dugu burua eta hasi beharko gara bertso eskolak antolatzen. Kontent nago badudalako inguruko jendea sailkatua dena eta ikusten dut izanen dudala norekin entrenatu. Horrek lasaitzen nau. Oraindik ez dut pentsatu ez helburutan ez deusetan.
HIRUGARREN LIBURUA KARRIKAN
Bertsolaria ez ezik idazlea ere bada Maddi Ane Txoperena Iribarren, eta martxoaren 6an plazaratuko du bere hirugarren lana jende aitzinean: Zaldi bat izeneko eleberria Txalaparta argitaletxearekin. Aitzinetik Ene baitan bizi da eta Ez erran inori lanak argitaratuak ditu
Miren da Zaldi bat eleberriko protagonista eta kontakizunean hainbat pertsonaia eta gai existentzial gurutzatuko zaizkio Mireni kontakizunean. Maitasuna, dolua, heriotza... Baina denaren gainetik, laguntasun harreman bati buruzko kontakizuna biltzen du eleberriak.

