Astelehenen arratsaldean, 15:00etan irekiko du Manttale Mendi Lasterketa Taldeak Berako Mendi Maratoi Erdian izena emateko epea. Izen ematea www.pb-organisation.com webgunearen bidez egin beharko da. 525 dortsal eskainiko dituzte eta bukatzen ez badira, apirilaren 16ra arte eskuratzen ahalko dira.
Izen ematearen prezioa 35 eurokoa izanen da korrikalari federatuentzako eta 37 euroko federatu gabekoentzako.
Hainbat berrikuntza izanen dira aurtengo edizioan. Horien artean nabarmenena irteera eta iritsiera puntua aldatu direla. Altzateko lanak direla eta, kiroldegi parean hasi beharrean, Kanttonberri hasi eta bukatuko da lasterka. 09:30ean hasiko da lasterketa, eta lasterkariek gehienez hiru ordu eta 40 minututan osatzen ahalko dute ibilbidea
Ibilbide berria
Maratoi erdiak hiru eremu berri izanen ditu beti ere 21 kilometroko distantzia mantenduz. Lehendabiziko aldaketa Usategieta eta Landagañeta aldian izanen da, bigarrena Landagañeta eta Zumalku artekoa eta hirugarrena bukaerakoa, Itzea eta helmuga artekoa. Azken eremu honetan, lasterkariak Itzeara ailegatzean, Apeztegiko Bordara igoko dira, eta handik Legiara jaitsi, eta Kanttonberrin izanen da bukaera. Ibilbide berria hemen sartuta ikusi daiteke.
Dortsalak eta korrikalarientzako poltsak hartzeko lekua ere aldatuko da, eta kiroldegian hartu beharrean, Kultur Etxean hartu beharko dira.
Aurten ere anoa postuetan antolakuntzak ez du anoa posturik paratuko, eta korrikalari bakoitzak eraman beharko du berea.
Gazteen lasterketak
Azken edizioetan bezala, aurten ere 16 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat Gazte Trail lasterketa eginen dute egun berean. Ohiko ibilbidea izanen da, baina probaren hasiera eta bukaera Kanttonberrin izanen dira. Kasu horretan ere izen ematea asteehenean irekiko dute, eta zazpi euroren truke egiten ahalko da www.pb-organisation.com helbidean.
Probaren bezperan, apirilaren 18an, haurren lasterketak eginen dituzte Kanttonberri inguruan arratsaldean. Aitzinerako zabalduko dute informazio zehatza.
Errekorrak saririk ez
Manttalek saria ematen die probako errekora xehatzen duten lasterkariei Gizonezkoetan Oier Arinzabarretak ezarri zuen ibilbideko denborarik onena 2017an 1.37.30eko denbora eginda eta emakumezkoetan Ainhoa Sanzek 2019an 1.56.156ko denbora eginda. Orain artean denbora horiek hobetzen zituzten lasterkariek 150 euroko saria hartzen zuten. Aurten, ordea, errekorraren saria ez emateko erabakia hartu du Manttalek ibilbide berria izanen duelako probak.
