Proiektuaren inbertsioa 455.077,25 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuaren partetik 350.800,30 euroko dirulaguntza hartu du ekimenak, Lesakako Udalaren ekarpen ekonomikoa nabarmen murriztuz.
Inbertsio honen bidez, hainbat helburu lortu nahi ditu Lesakako Udalak. Alde batetik, uraren erabileraren eraginkortasunean hobekuntza nabarmena eginen da, digitalizazioaren bidez datu zehatzagoak eta ugariagoak eskuratuz. Horri esker, kontrol zehatzagoa egin ahal izanen da. Gainera, ur deposituetan hainbat gailu paratuko dira kontsumoen jarraipena zehaztasunez egiteko, eta hiri-eremua sektorizatuko da, ahalik eta informazio gehien bildu ahal izateko.
Kontagailu digitalen instalazioari esker, herritarrek ez dute etxean egon beharrik izanen irakurketaren momentuan, ezta irakurketa herriko etxera bidali beharrik ere. Telegestio sistemaren bidez, irakurketak zuzenean herriko etxeko ordenagailuetatik eginen dira, denboraren kudeaketa hobetuz eta lan karga nabarmen arinduz.
Kontrol zehatzagoa
Bertzalde, uraren hiri-zikloaren kontrola aunitzez zehatzagoa izanen da. Uneoro eskuratu ahal izanen da egoera orokorrari buruzko informazioa, baita etxe bakoitzarena ere. Horrek aukera emanen dio udalari ur-ihesak azkarrago antzemateko bai karrika publikoetan, baita etxebizitza partikularretan ere.
Herritarrek ere beraien kontsumoa uneoro kontrolatu ahal izanen dute aplikazio baten bidez, informazioa modu erraz eta zuzenean eskuratuz.
Lesakako Udalak herriko funtsezko azpiegiturak hobetzeko inbertitzen segitzen du, modernizazioaren alde eginez eta guztion baliabideak modu eraginkorragoan antolatu eta kudeatzeko helburuarekin.