'Pinpilinpauxa horiak' antzerkia ikusteko aukera izanen da larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 26a

Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren emanaldia 19:00etan izanen da larunbatean, otsailaren 28an, Berako Kultur Etxean. Sarrerak zortzi euroren truke erosten ahal dira aitzinetik hemen edo baita egunean berean ere. 

Gaizka Sarasolaren testuan oinarrituta, Mairuk zuzendutako lana da, Manex Fuchsen laguntzarekin. Ritxi Abril, Josune Etxepare, Itziar Telletxea, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ainara Ribera eta Iban Garro dira antzezleak.

Mugako ostatua da Pinpilinpauxen Benta, eta Maritxu bertako nagusi eta langilea. Sua piztu da inguruko mendi eta basoetan, eta suak inguratu du ostatua. Bertara doan errepidea zein gainerako bide guziak moztuta daude. Komunikabide guziak ere erori dira. Isolaturik geratu dira, Maritxu bezala, bertan dauden bezero guziak ere. Zazpi tximeleta etxaldean preso. Horietariko bakoitzak, bere alderik ederrena erakutsi nahi izanagatik ere, iraganeko har bat darama berarekin. Beraien arteko mesfidantzak areagotu baino ez denean egiten, nor bere kapuluan sentitzen da seguruen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun