Udal taldeak EH Bilduri eskatu dio eraikinaren erabilera berriro pentsa dezala eta alternatiba hau aztertzeko aurrekontuetan zuzenketa bat aurkeztu du, gaur eginen den udal batzarrean eztabaidatuko dena
Ione Fagoaga zinegotziak azaldu duenez, «EH Bilduren gobernu taldeak Alhondiga bertze helburuetara bideratzeko asmoa du, hala nola kultur ekitaldietarako, bilerak, coworking edo enpresa mintegia, baina zerbitzu horiek guztiak nahiko ongi eskaintzen dira gaur egun Lesakan, Kultura Etxeko lokaletan, komentuan, Koskontako bidean, Eskriboenean, Udaletxean, Alkaiagako nabean…». Geroa Bairen ustez beharrezkoa da orain Lesakak duen arazo larrienari aurre egitea, «etxebizitza falta alegia, eta EH Bilduri eskatzen diogu eraikin honen erabilera berriro pentsa dezan eta planteatzen dugun alternatiba azter dezan, horrela herriko bizilagunak eta gazteak bereziki Lesakan bizitzen geratu ahal izateko eta haien etorkizuna herrian bertan garatu ahal izateko». Aurrekontua eta bere zuzenketak eztabaidatuko dituen Osoko bilkura gaur, otsailak 26, eginen da.
Bertze proposamenak: azpiegiturak hobetu eta segurtasuna bermatu
Lesakako Geroa Baik, gainera, bertze zuzenketa sorta bat aurkeztu du egun dauden azpiegiturak sendotzeko helburuarekin, baita arriskuen prebentzioaren bitartez segurtasuna hobetzeko ere.
Horrela, udal pilotalekua zaharberritzeko 70.000 bideratzea proposatzen du, gaur egun narriadura egoera nabarmenean dagoen instalazioa baita. Antzemandako kalteen artean itoginak daude, ezkerreko paretaren desgastea eta mantentze falta orokorra, beharrezkoa den margo-geruza berria barne. «Instalazio eta zerbitzu berrietan inbertitzea positiboa den arren, udalaren betebeharra da ere herriak jada dituen azpiegiturak egoera ezin hobean mantentzea», azpimarratu du Fagoaga zinegotziak.
Geroa Baik 200.000 euroko partida bat sortzea proposatu du herriko etxearen teilatua, estaldura eta teilatu-hegalak konpontzeko, arreta berezia paratuz eraikinaren ekialdeko fatxadari. «Inguruan dabiltzan pertsonen gainean elementurik erortzekotan dagoen istripu arriskua ekiditea da helburua. Eraikin publikoen mantentze egokia ez da aukerazkoa, udalaren oinarrizko erantzukizuna baizik», dio Geroa Baik.
Bertzalde, Lesakako Geroa Baik 5.000 euroko partida bat planteatu du NA-4000 errepidean erortzeko arriskua duten zuhaitzak kentzeko, zehazki 3,500 eta 7,500 kilometro-puntuen artean, Agiñarako bidean. Fagoagak azaldu duenez, «tarte honetan tamaina handiko zuhaitzak daude errepide bazterrean, eta noizean behin, galtzadaren gainera erortzen dira, errepidea erabiltzen duten pertsonentzako istripu arrisku larria eraginez, direla hauek oinezkoak, bizikletan doazenak, motorrean edo kotxean. Gainera, lursail komunalak direnez, istripu bat egotekotan, erantzukizun zibil eta penala udalarena izan daiteke, zuhaitz horien mantentzearen arduradun den heinean», nabarmendu du udal taldeak.
Bertze zuzenketa batek 10.000 euroko inbertsioa aurreikusten du Onin errekaren ibilgua garbitzeko, Eskol Txikitik Odalasko ibaiarekin elkartu arte. Geroa Baiko udal taldeak gogorarazi duenez, «azken urteetan uholde larriak bizi izan dira Estatuko erkidego ezberdinetan, aurreikuspenez jardutearen garrantzia agerian utziz. Lesakan aspalditik dago Onin errekan buxadura bat, Eskol Txiki deitzen den eraikinaren gibelean, urak daramatzan lurren pilaketaren ondorioz, horrek tapoi bat sortuz eta Antoiu eta hurbileko guneetan uholdeak eragin ditzake. Zuzenketa honekin, ekidin daitekeen arrisku egoera bat konpondu daitekeela uste dugu», nabarmendu du Lesakako Geroa Baik.
Udal taldeak, gainera, Gardelsoroko iturburuen gunea babesteko 5.000 euro bideratzea proposatu, du hesola eta alanbrezko itxidura perimetrala egiteko, Nabaz eta Katazpegi auzoetan edaten den ura hornitzen baitute. «Ur hau pertsonek edateko dela kontuan izanik, gunearen itxidura perimetrala planteatzen dugu, gaur egun bertan ganadua aske mugitzen baita, eta hori arriskua izan daiteke uraren kalitatearentzako», ziurtatu du Fagoaga zinegotziak.