'Etxe dotore aunitz' ipuina aurkeztuko dute ortziralean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 25a

Goiz Eder Iturain idazleak Arantzan, Beran, Etxalarren eta Lesakan ibili ondotik osatutako ipuina da. 

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoak euskara hutsean egindako artearen eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen ditu. Ikasturte honetan hirugarren edizioa du eta 30 lan sortu dituzte Geuretik Sortuak bekari esker.

Lan horietako bat Goiz Eder Iturain antzerkigile eta idazle zumaiarrak Bortzirietako lau herritan oinarritutako Etxe dotore aunitz ipuina izan da. Herrietako eraikinak, etxeak eta barreneko bizikide eta istorioen jakin-min horrekin abiatu zuen lana eta Arantza, Bera, Etxalar eta Lesakan ibili ondotik sortu du. Gainera, Arantzan etxebizitzak salgai iragarkiarekin hasten da ipuina. 

Joan den urtean egin zuen egonaldia. Tartean, Arantzako hainbat etxe eta herritar ezagutu zituen, baita hainbat istorio bildu ere. Bertzeak bertze, jubilotekan dauden emakumeekin Hausterre eguneko mezan izan zen. Hain zuzen, ipuinaren arrasto nagusia bertan aurkituko du Leire pertsonaia nagusiak. Bertzalde, sormen tailerra ere egin zuen eta haur eta gazte talde polita bildu zen.

Ipuina ortziralean, otsailaren 27an, aurkeztuko du Arantzako liburutegian, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun