Herri Haitada sei herri mugakide herri bakarrean biltzen dituen egun osoko ekimena da, elkarren artean jokatzeko eta harremanak indartzeko, beti ere euskara ardatz izanik. Parte hartzen duten sei herriak Ainhoa, Bera, Etxalar, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi izanen dira.
Hamabi proba izanen dira: sokatira, bote luzea, ingude altxatzea, dantza, bertsoak, egur pila osatzea, arpana, musa, txirrindularitza, korrika, sukaldaritza eta kultur quizz. Bizikletan, lasterka eta herri kiroletan hamasei urtetik gorako herritarrek hartzen ahalko dute parte, eta gainerako probetan ez dago guttieneko adinik.
Herriz herri taldeak osatzen hasiak dira jada, eta beratarrek jakinarazi dute Berako taldean izena emateko epea martxoaren 31n bukatuko dela. Horretarako galdetegi hau bete beharko da, edo bertzela Purienea, Igone eta Sara kafetegian ere egiten ahalko da izen ematea.
Mus txapelketari dagokionez, Herri Haitada aitzinetik, apirilaren 26an, beratarren arteko mus txapelketa jokatuko dute. 16:00etan izanen da lehia Espidobaitan eta irabazleek Herri Haitadan aritzeko eskubidea irabazteaz gain, bi botila ardo hartuko dituzte saritzat.
Arautegia prest
Herri Haitadako proben arautegia ere prestatu dute dagoeneko antolatzaileek. Esteka honetan irakurri daiteke arautegia osorik, eta bertan ageri dira proba bakoitzaren nondik norakoak.