Martxoaren 8rako egitarau zabala antolatu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak, eta tartean, bihar hasi eta martxoaren 13ra arte Zaintza erdigunean erakusketa ikusteko aukera izanen da Beran.
Baztango Udalak egindako sentsibilizazio erakusketa bat da, zaintzak bizitzaren funtsezko oinarri gisa balioesten dituena. Erakusketak zaintza lan ordaindua zein ordaindu gabea ikusarazten du, eta genero desberdintasunei, klaseari eta lan baldintzei buruzko gogoeta egiten du.
Erakusketak 34 panel ditu, eta horietan azaltzen da zer den zaintza eta nola antolatzen den Nafarroan, hainbat irudi eta datu kuantitatiboren bidez.
Berako Kultur Etxeko Erakusketa Gelan paratu dute, eta astelehenetik ortziralera ikusten ahalko da 14:00etatik 20:00etara bihar hasi eta martxoaren 13ra arte. Sarrera liburutegitik izanen da.