Joseba Lasa lesakarra ez da Euskal Pilota Egokituko Zirkuituko lehen finalean izanen

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 23a

Joseba Lasak lan ona egin zuen German Elkororekin batera, baina ez zen finalera sailkatzeko aski izan.

Mallabian jokatutako partida maratoi batek eman dio hasiera Euskal Pilota Egokituaren Zirkuituari. Euskal Autonomi Erkidegoko hiru probintzietan jokatuko diren Irekiei Bizkaikoak eman dio hasiera eta dagoeneko ezagutzen dira hurrengo igandean Basaurin jokatuko diren finaletan arituko diren pilotarien izenak. Jokatu zituen lau partidetatik bi irabazi arren, Joseba Lasa lesakarra ez da finalista horien artean izanen.

Igandean Mallabian jokatutako Bizkaiko Irekiko lau partidetatik bi irabazi arren, ez du finalerako txartelik eskuratu

Pilota inklusiboaren festa handi bat izan zen igandean Mallabian, denera 20 partida jokatu zituzten eta maila bakoitzeko bi bikoterik onenek lortu zituzten finalerako txartelak. Adimen urritasuna dagokionean, Leire Esnal eta Erik Gaton arituko dira alde batetik eta Daniel Calviño-Jurdan Arakistain izanen dituzte aurkari. Gurpildun aulkian arituko direnak, berriz, Sergio Rodriguez-Edorta Anta eta Gaizka Fernandez-Beñat Lizaso izanen dira.

Joseba Lasak, German Elkororekin egin zuen bikote eta lehen partidan 3-12 galdu zuten Gaizka Fernandezen eta Beñat Lizasoren kontra; bigarrena ere 8-12 galdu egin zuten Sergio Rodriguezen eta Edorta Antaren kontra. Azken bi partidak irabazi egun zituzten, 12-8 Aingeru Senperenaren eta Gorka Alvarezen kontra eta 12-7 Manuel Quesadaren eta Sergio Rodriguezen kontra. Halere, bi garaipen horiek ez ziren aski izan Joseba Lasa finalerako sailkatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun