Emakumeen 500 kiloko jardunaldian ere nagusi izan ziren Beti Gazteko emakumeak larunbaten Abadiñon
Lehia ezin estuagoa izan zuten Beti Gazte, Ñapurrak A eta Abadiño taldeek eta sailkapenean berdinduak gelditu ziren. Beraz, beraien artean lehiatu behar izan zuten berriz eta Lesakako taldeak bi tiraldiak irabazita lortu zuen txapela janztea. Ezpeletako Ñapurrak A taldea bigarren izan zen eta Abadiño hirugarren. Ondotik sailkatu ziren Txantrea, Zuraide B eta Ibarra
Beti Gazteko zortzikote txapelduna Karmelo Mitxelenak, Ander Mitxelenak, Joxe Angel Mitxelenak, Oskar Telletxeak (Igantzi), Iker Pikabeak, Beñardo Iantzik eta Ruben Pedrosak (Bera) osatu zuten, Paxkual Taberna entrenatzaile zutela.
Emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatu zuten Abadiñon eta lehen jardunaldian bezala, Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan. Txantrea izan zen bigarren eta Ibarra hirugarren.
Azken bi txapelak Txantrean otsailaren 28an
Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian erabakiko da emakumeen 500 kiloko txapela, baita gizonezkoen 560 kiloko txapelketa ere, hauek jardunaldi bakarrean. Gizonezkoen pisu arinean Beti Gaztek ez du talderik aterako.
Beti Gaztek, orain arte, aurten lortu dituen bortz txapelekin, historikoki Euskal Herriko txapelketa nagusiko 49 txapel jantziak ditu dagoeneko. Lehena duela 30 urte, 1996an jantzi zuen. Beraz, larunbatean emakumeek 500 kiloko txapela janztea lortuko balu, Euskal Herriko 50 txapelera ailegatuko litzateke Lesakako taldea. Zenbaki borobila.
Munduko txapelketan ere hamar txapel lortuak ditut klub moduan, baina aurten ez du martxoaren 11tik 15era Txina Taipein jokatuko den mundialean parte hartuko.