EUSKAL HERRIKO SOKATIRA TXAPELKETA

600 kiloko txapela ere lor dezakete Beti Gazteko mutilek larunbatean Abadiñon

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 20a

Beti Gazteko Unai Gurrutxaga eta Ruben Pedrosa tiran, bertze zenbait taldetako tiralariak begira dituztela, joan den larunbatean Goizuetan. 600 kiloko txapela Abadiñon janzteko aukera du Lesakako taldeak. Argazkia: Loratzen

Euskal Herriko sokatira txapelketa azken txanpan sartua da eta larunbat honetan Abadiñon eta hurrengoan Txantrean banatuko dira oraindik erabakitzeko dauden hiru txapelak. Goizuetako kanporaketaren ondotik, otsailaren 21ean, larunbatean 17:00etan hasita, Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala. Beti Gazte, Abadiño, Zuraide B, Ñapurrak A, Ibarra eta Txantrea izanen dira final horretan.

Kategoria horretako finalaz gain, emakumeen 500 kiloko jardunaldian ere lehiatuko da Lesakako taldea

Emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatuko dute Abadiñon. Hauek ligaxka moduan ari dira eta Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Abadiño, Berriozar, Badaiotz eta Antsoain lehiatuko dira.

Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian erabakiko da emakumeen 500 kiloko txapela, baita gizonezkoen 560 kiloko txapelketa ere, hauek jardunaldi bakarrean.

Beti Gaztek, orain arte, aurten lortu dituen lau txapelekin, historikoki Euskal Herriko txapelketa nagusiko 48 txapel jantziak ditu dagoeneko. Lehena duela 30 urte, 1996an jantzi zuen. Beraz, oraindik banatzeko falta diren hiruetatik bi lortuko balitu, Euskal Herriko 50 txapelera ailegatuko litzateke Lesakako taldea. Zenbaki borobila.

Munduko txapelketan ere hamar txapel lortuak ditut klub moduan, baina aurten ez du martxoaren 11tik 15era Txina Taipein jokatuko den mundialean parte hartuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun