Mugimendua izaten da Lesakako liburutegian?
Bai, oraingo urteurrenei ekitaldiekin beharbada gehiago, baina beti izaten dira irakurleak, ikasleak, haurrak, helduak… Leku ederra da.
Zer eskaintzen du liburutegiak?
Lesakako kasuan, 2.700 bizilagun inguruko herri ttikia izan arren, liburutegi ederra daukagu, 20.000 dokumentu ingururekin, ordenagailuak, irakurketa gela, haurrentzako txoko bereziak…elkartzeko leku egokia da. Nafarroako liburutegietan, normalean arratsaldeko ordutegia izaten dugu.
Zenbat erabiltzaile ditu Lesakako liburutegiak?
1.600 bazkide txartel ditugu, bizilagunen %60 inguru. Iaz 9.300 bisita izan genituen, zenbaki potoloa da, eta 4.500 mailegu. Badago mugimendua, emaitza politak dira eta horretan jarduten dugu. Ehun bazkide berri egin ziren, gehienak haurrak, hori ere pozgarria da, etorkizuna hor dagoelako. Liburutegira 40-50 pertsona etortzen dira egunero, ikastetxeetatik ere ikasleak etortzen dira, beraientzat ekimenak prestatu ditugulako. Liburutegia, gehien bat, etxerako liburuak eramateko eta mailegatzeko erabiltzen da, baina liburutegia egoteko leku goxoa izateko ere egokitzen ari gara. Gustatuko litzaidake jendea gerturatzea eta bertan lasai egotea. Hainbat irakurketa txoko prestatu ditugu horretarako azken urte honetan eta pixkanaka-pixkanaka jendeak gero eta gehiago erabiltzen ditu. Lesakako liburutegia egoteko lekua bilakatzen ari dela ikustea polita da.
Liburutegien garrantzia azpimarratu duzu beti…
Sinetsita nago liburutegi publikoa gizartea eraldatzeko tresna dela. Merkatutik kanpo dagoen espazioa da eta hori da bere berezitasuna. Hemen jendea ez dago derrigortua deus egitera eta garaiotan hagitz iraultzailea iruditzen zait hori. Ez duzu deus produktiborik egin behar eta hori geroz eta ezohikoagoa da. Liburutegian ez duzu kontsumitu beharrik, ez duzu sarrera ordaindu beharrik…
«Merkatutik kanpo dago liburutegia eta hori, gaur egun, iraultzailea da»
Hamar urte bete ditu liburutegiak Harriondoan…
Lesakako Udalak eta Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak aurten ahalegin berezia egin dute urteurren borobil hau ospatzeko. Izan ere urriaren 24an izanen da hamargarren urteurrena eta Liburutegien Nazioarteko Eguna ere egun horretan da. Hilabete bakoitzeko hiru ekitaldi egiten ari gara, liburutegira hurbiltzeko bertze aitzakia bat.
Hamargarren urteurrenaren harira jende gehiago hurbiltzen dela sumatu duzu?
Zenbat eta jende gehiago hurbildu hobe, guk hori nahi dugu, azkenean urtebetetze besta bat da eta lesakarrak eta kanpotik datozenak, denak ongi etorriak, aurkezpen, solasaldi eta ekitaldi interesgarriak direlako. Udako atsedenaldiaren ondotik ere izanen du segida egitarauak, zenbait gauza ditugu buruan. Irailean, erraterako, ikasturtea hasteko, Uxue Alberdiren ondu duen Esne berriketan lanari buruz ariko gara, emakumeen ahozko narrazioak bildu ditu eta Begoña Durruty baztandarrak egin ditu ilustrazioak. Horren inguruko bertso saioa izanen dugu, gonbidatu bereziekin. Urtebetetze besta egunerako irakurketa jarraitu parte-hartzailea planteatu dugu. Gauza gehiago ere izanen dira, baina joanen gara zehazten.
Urte osoko egitaraua
Lesakako liburutegia Harriondoan dela hamar urte bete direla ospatzeko egitarau zabala prestatu dute eta gauzatzen ari da. Hasteko, urtarrilaren 22an, Itxaro Borda eta Joseba Irazokiren Itzalen tektonika emanaldia izan zuten; urtarrilaren 23an Amaya Suberviolarekin Spam-01 topaketa eta 29an, Fernando Mikelarenak Asesinato en la cosnpiración eleberria aurkeztu zuen.
Otsailean, Txilarreko sukaldaria dokumentalaren eta liburuaren aurkezpena egin dute hilaren 5ean. Xulufrinak Lesakako Sare Feministaren eskutik, Ane Labakak Hezur berriak poesia liburua aurkeztu du otsailaren 7an. Otsailaren 26an, ortzegunean 18:30ean, Iban Garro Altzuri lesakarraren Euri beroak poesia liburua aurkeztuko dute.
Martxoaren 10ean Literatura eta feminismoa hitzaldia emanen du Iratxe Retolazak, asteartean 18:30ean; martxoaren 11n, Dom Campistronen Etxean liburu aurkezpena eta drag emanaldia ere izanen da, asteazkenean 17:30ean (zortzi urtetik goiti); martxoaren 12an LiterArte antzerki taldeak CompArtiendo antzezlana eskainiko du, ortzegunean 18:30ean.
Apirilean sartuta, hilaren 22an, Danele Sarriugarteren Beste zerbait liburua aurkeztuko dute, 18:00etan. Hilaren 23an, Eneko Bidegainen Bichta Éder eleberria hizpide hartuta egilearekin solasaldia eginen dute (18:30). Apirilaren 24an Ines Bengoa ipuin kontalaria izanen da liburutegian (17:30).
Maiatzaren 28an, berriz, Susana Rodriguez Lezaunek Nafarroako literatura beltzari buruzko solasaldia emanen du. Udatik bueltan ospakizunekin segituko dute liburutegian.