Memoria historikoari buruzko dokumentala eta erakusketa ikusteko aukera izanen da larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 19a

Trabajadoriak dokumentala ikusten ahalko da larunbatean. Argazkian Oiartzungo trabajadoriak ageri dira. Argazkia: Wikimadari/Wikimedia.

Labiaga ikastolak antolatutako memoria historikoari buruzko zikloaren barrenean eginen dituzte ekitaldiak. 

Larunbatean, otsailaren 21ean Trabajadoriak dokumentalaren emanaldia izanen da 19:00etan Areto Nagusian. Dokumentalak 1936ko altxamenduaren eta garaipenaren ondotik Francok sortutako langile bataloiak ditu hizpide.

Zehazki Oarsoaldean sortu zituzten hemezortzi batailoiak biltzen ditu dokumentalak. 12.500 pertsona lau urtez aritu ziren gatibu lanetan, errepide eta gotorlekuak eraikitzen. Egoera tamalgarrian aritu ziren, heriotza zigor, gose eta gaixotasunen mehatxupean, Pikoketako, Aritxulegiko, Lanbarreneko eta Jaizkibeleko errepideak egiten.

Hormigoizko mugak erakusketa ere paratu dute Areto Nagusian eta asteburu honetan eta hurrengoan egonen da ikusgai 17:00etatik 20:00etara. Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutuak sorturiko erakusketa da eta Adolf Hitler eta Francisco Franco diktadoreen aginduz bortxa lanetan eraikiriko Atlantikoko Harresiari eta Pirinioen Gotortzeari buruzko informazioa ematen du. 

Atlantikoko Harresia eta Pirinioen Gotortzea eraikitzeko arrazoi estrategikoen berri ematen ditu erakusketak, nola egin ziren azaldu eta egitasmo erraldoi horien benetako protagonistak nabarmentzen ditu, bereziki: miseria gorria eta indarkeria latza jasanda, bi egiturak altxatu zituzten ehunka milaka langileak, gehienak ere nazismoak eta frankismoak errepresaliatuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun