Herritarrak babesteko eta kalteak murrizteko helburuarekin, mendiko suteen aurkako plana aurkeztu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 17a

Lesakan mendiko suteen aurkako udal jarduketa planaren aurkezpena egin zuten otsailaren 5ean herriko etxeko batzar aretoan. Jose Angel Bengoetxea Basterra, Nafarroako Gobernuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko segurtasun arloko goi teknikaria eta Enrique Montero, Basartea enpresako mendi ingeniari teknikoa izan ziren hizlari eta hogei bat lagun bildu ziren. Horrez gain, udalak hiruorrikoa banatu du etxez etxe eta web orrian ere eman du planaren inguruko informazioa. Plan honen lehen helburua, jendea babestea eta, sutea gertatuko balitz, kalte materialak ahalik eta guttien izatea da.

Izan ere, Lesaka neguan Arrisku Handiko Eremuan (AHE) da, eta Nafarroako Gobernuak plan hau egitera behartzen du. Mendiko suteak detektatzean, 112ra deitu behar da eta alkateak koordinatuko ditu jarduerak, larrialdi zerbitzuak ailegatu arte. Herritarrei jakinarazteko ardura udaltzaingoak hartuko du, megafonia jarriko da eta kanpaiak joko dituzte, mendekotasuna duten pertsonentzat abisu pertsonalizatua izanen da eta dauden Whatsapp taldeen bidezko abisua ere emanen da. Norbere kabuz deus ez egiteko deia ere egin dute, «zure bizitza eta bertze pertsonena arriskuan ez jartzeko» eta ibilgailuekin bideak edo pistak ez oztopatzea ere eskatu dute. Halere, badira laguntzeko moduak ere. Suteetan laguntzen ahal duten edo lagundu nahi duten boluntarioen larrialdi-laguntza taldea sortu da alde batetik eta ingurua ezagutzen duten abeltzainak, ehiztariak edo profesionalak eta traktoreak, ponpak eta gisako material erabilgarria dutenak mendiko defentsa taldea ere sortu da. Batean nahiz bertzean izena emateko herriko etxera deitu edo udala@lesaka.eus helbide elektronikora idatz daiteke.

 

Bilera puntuak eta ebakuazio bideak

Honekin batera, udalerri osoan bederatzi bilera puntu daute, eta bakoitzak bere ebakuazio bide segurua du. Honela, Izotzaldea ekialdeko bizilagunek Tantirumairu ikastolako aparkalekuan dute bilera puntua; Izotzaldea mendebaldekoek Eltzeta karrikako pumptrackeko aparkalekuan; Fraingoek Albistur karrikan; Otsangokoek NA-4000 eta NA-4001 arteko aparkalekuan (gaur egun, Zambrako aparkalekua); Nabaz eta Katazpegikoek Linddurrenborda sagardotegian; Biurrana, Martxanpaita eta Goiko Iragakoek Ontsalberriko atarian; Endara, Auzoberri eta Zalakoek Gardelko Pagoetan; Alkaiagakoek Alkaiagako frontoian eta Zalain Zokokoek Zalain Zokoko frontoian.

Dokumentu osoa www.lesaka.eus webgunean kontsulta daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun