Inauteak 2026

[ARGAZKIAK] Inudeek eta artzainek alaitu dituzte Berako karrikak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 16a

Inauteetako egun inportanteetakoa izan zen Beran atzo. 96 bikote atera ziren dantzan eta baita musikari aunitz eta konpartsako kide aunitz ere. 

Argazkiak: Arantza Agirre

Dantzaz eta musikaz bete zituzten atzo Inudeek eta Artzainek karrikak. 10:00etan zuten hitzordua, eta herriari itzulia eman zioten kantuan eta dantzan. 

Alberto Retegi musikaria izan zen Aita Joxeperen rola jokatu zuena, eta Gure Txokoak omenaldia egin zion dantzak berreskuratu zirenetik musika jotzen ateratzeagatik. Atzo ere ez zuen hutsik egin, Aita Joxepez atera bazen ere, Altzatera ailegatzean  klarinetea hartu eta bandarekin batera jotzen aritu baitzen. Konpartsan denetariko mozorroak atera ziren: erretiratutako artzainak, medikua, hartza, deabrua, alargunak, eskola erlijiosoko ikasleak... Goizeko dantzen ondotik, bazkalondoan berriz ere dantzan aritu ziren, baina arratsaldean euripean. 

Inauteetako azken eguna gaur

Gaur, astelehena, izanen dute inauteek segida. Goizean zingar arroltze eskea izanen da baserrietan eta egun osoan mozorroak ibiliko dira karrikan. 18:00etan Andoni Ollokiegiren kontzertua izanen da Toki Onako estalpean. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun