Berako bizikleta bidea egiteko lanak hasi dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 13a

Otsail hasieran hasi zituzten bizkleta bidea eraikitzeko lanak.

San Miguel zubia eta Zubixabal lotuko ditu bizikleta bide honek eta, Zubixabalen, parke berri bat egokituko dute haurrendako jostaleku batekin, ariketa fisikoak egiteko makinekin, eta mahaiekin eta aulkiekin herritarrentzako «elkargune» izan dadin.

Mugikortasun jasangarria sustazeko asmoz, San Miguel zubitik Zubixabal (Izpoz karrika) ingururako bizikleta bidea eraikitzeko lanak hasi ditu berriki udalak. 

Otsaileko lehendabiziko egunetan hasi zituzten lanak San Miguel zubi inguruan, eta horiek dira lanik konplexuenak. 175 metroko eremua da, San Miguel zubitik Ibaialderainokoa. Eremu horretan bidexka berri bat sortu dute hutsetik. Ibaialdetik Zubixabalera berriz, Bidasoa ibaiaren bazterrean dagoen pasealekua izanen da moldatuko dutena, izan ere, bidexka zabal bat dago han, dagoeneko egoera onean dagoena bizikletaz eta oinez ibiltzeko. 

Bizikleta bidearen bidez, Eurovelo Europako bizikleta sarearekin lotuko dute Bera, eta baita Bide Berdearekin ere. Gainera, bigarren helburu bat ere badu bideak, Bidasoa karrikatik, NA-8304 errepidetik bizikletak ateratzea, trafiko handiko eremua baita. Denera 135.000 euroko aurrekontua du bizikleta bideak. 

Parkea Xubixabalen

Bizikleta bidea egiteko lanekin batera, Zubixabalen bizikleta bidearekin lotura izanen duen parke bat eginen dute. Bidasoa ibai bazterraren guneak aprobetxatu nahi dituzte horrela. Parke berria argazkian ageri den gaur egungo parkean eta pareko belardian kokatuko dute. 

Zubixabal inguran eraikiko dute parke berria.

Haurrentzako jolastokia paratuko dute, eta baita ariketa fisikoak egiteko makinak ere. Mahaiak eta aulkiak ere paratuko dituzte, eta herritarrentzako «elkargune» bat izatea nahi dute.

76.000 euroko aurrekontua izanen dute parkea eta ingurua txukuntzeko lanek eta diru dena Europako diru funtsetik heldu da, udalak ez du dirurik paratu beharko lan horiek egiteko. Nafarroako UGET turismo planaren barrenean sartutako proiektua da parkearena. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun