Lesakako VII. Mendi Lasterketarako 50 dortsal gehiago eskura paratu ditu Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 11

Lesakako VII. Mendi Lasterketarako lehenengo 300 dortsalak agortuta, bertze 50 paratu ditu eskuragarri Beti Gazte elkarteak.

Lesakako VII. Mendi Lasterketa martxoaren 15ean eginen dute. Azken urteetan mendi lasterketen egutegian finkatu den hitzordua da, eta inguruko eta Euskal Herri osoko lasterkariek gogoz espero dutena. Horren adierazle da urtarrilaren 2an eskuragarri paratutako 300 dortsalak urtarrilaren 25ean agortu zirela. Itxaron zerrenda ireki zuen Beti Gaztek gero eta hori ere betetzen joan da azken asteetan. Beti Gazte elkarteko zuzendaritza taldean egoera hausnartu ondotik, bertze 50 dortsal saltzea erabaki dute.

Hasierako 300 dortsalak agortu ondotik hartu du erabakia elkarteak

Izen emateak www.kronoak.com atariaren bitartez egin beharko dira orain arte bezala, martxoaren 13ko 12:00 arte, edota dortsalak berriz ere agortu arte. Kasu honetan, itxaron zerrenda irekiko da berriz ere. Dortsala bueltatzeko epea martxoaren 7ra arte egonen da irekia. Azken 50 dortsal hauek eskuratzen dituztenek, ez dute ziurtatua izanen eskatzen duten kamisetaren taila, eskaera egina dagoelako dagoeneko. Ibilbideari, ordutegiei eta araudiari buruzko informazio guztia Beti Gazte elkarte klub antolatzailearen webgune ofizialean ere kontsultatu ahal izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun