Bortzirietako Elkarrizan elkarteak 5.000 ordu eskaini zituen iaz boluntariotzan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 10a

Elkarrizan elkarteak astelehenean egin zuen urteko batzarra Harriondoan. Iaz 5.000 ordu eskaini zituzten 69 boluntario biltzen ditu gaur egun.

Elkarrizan Nagusilan elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen otsailaren 9an Lesakako Harriondoa kultur etxean eta aitzineko urtean gauzatutako jardueren argazki orokorra egiteko probestu zuen. 2025ean, 69 boluntarioen artean, 4.997 boluntariotza ordu eskaini zituzten hainbat jardueretan banatuak. 2024an egindako 4.501 orduekin alderatuta, %11,01eko igoera izan da.

Batzarrean 24 pertsonak hartu zuten parte. Bilera Marisol Taberna idazkariak gidatu zuen, eta iazko aktaren onarpena nahiz Zuzendaritza Batzordearen jarraipena adostu zituzten. Ondotik, Mayte Sanz Elkarrizan elkarteko presidenteak eta Julio Salinas koordinatzaileak 2025ean egindako jarduera eta datu nagusiak aurkeztu zituzten.

Urteko jarduera aipagarrienen artean honako hauek nabarmendu zituzten: Alzheimer gaiari buruzko hitzaldiak eta Albertinak eskainitakoa, egoitzekin egindako jarduerak (azienda feria, pilota jaialdia, yayacletasen bisita), Irain eta Toki Ona Institutuko ikasleekin egindako belaunaldi arteko jarduerak, Lesakako Gurekin Zerbitzuen elkarteak gonbidatutako merienda (Andra Mari zahar etxeko 11 egoiliar eta 14 boluntario izan ziren), Lalorekin egindako musika bisita, Donostiako Miramar jauregira egindako bidaia Hilo de Plata aurkezteko eta, abenduan, 2004az geroztik Elkarrizanen parte hartu duten pertsonei egindako omenaldia.

 

12.000 kilometro baino gehiago joan-etorrietan

Joan-etorriei dagokienez, 12.155 kilometro erregistratu dituzte 2025ean: horietatik 7.870 kilometro Jubilotekako furgonetak egin ditu, astean 7 irteerarekin, eta gainerako 4.285 kilometroak boluntarioek etxetik jardueretara egindako desplazamenduak izan dira. Lurraldearen sakabanaketa dela eta, hau da Elkarrizanen gastu nagusietako bat.

Ekonomiari dagokionez, 2025ean Elkarrizan La Caixa Gizarte Ekintzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen laguntzari esker finantzatu da, eta hiru erakunde horiei eskerrak eman nahi izan zizkien publikoki.

 

«Etengabe zaindu eta ureztatu beharreko landarea»

2026ari begira, Elkarrizan proposamenez beteta dator, eta helburu nagusitzat elkartea aktibo mantentzea du, «etengabe zaindu eta ureztatu beharreko landare» gisa definitu baitzuten. Lehentasunen artean dago boluntario berriak erakartzea, egiten den lana ezagutaraztea eta parte hartzera gonbidatzea, elkartasuna komunitatearentzat funtsezko balioa dela ulertuta.

2026rako aurreikusitako jardueren artean, Lesakako inauterietan jaialdi bat antolatu dute eta Andra Mari zahar etxeko egoiliarrak lagunduko dituzte ikuskizunera. Gainera, bi hitzaldi antolatzea, elkartearen lana jasoko duen bideo bat egitea, informazio-diptikoak argitaratzea, koordinazio soziosanitarioa indartzea, errezeta sozial/sanitarioaren balidazioa eta martxan jartzea, helduen alfabetizaziorako liburuak erostea, Nagusilan Euskadirekin urteko koordinazio bilera egitea, egoitzekin irteera berezi bat antolatzea, eta abenduan Boluntarioaren Eguna eta Elkarrizanen parte hartu duten pertsonen omenaldiarekin segitzea aurreikusiak dituzte.

 

Azken gogoeta

Batzar Orokorrari amaiera emateko, boluntariotzaren gizarte-lanari aitortza berezia egin zion Elkarrizanek: «Aunitzetan isilean egiten den lana da, ikusgarritasun guttikoa, baina komunitatea kohesionatzeko ezinbertekoa». Gainera, boluntariotzak parte hartzea sustatzen du, altruismoa, elkartasuna eta konpromisoa bezalako balioak indartzen ditu, eta komunitate hurbilago, gizatiarrago eta arduratsuagoa eraikitzen laguntzen du. Ildo horretan, 2025ean Bortzirietan eskainitako 4.997 boluntariotza orduek argi erakusten dute lan horrek pertsonen egunerokoan eta lurraldeko sare sozialean duen eragin positiboa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun