Berako Agerra Mendi Taldeak mendi irteera eginen du Goizuetara martxoaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 10a

Mendizaleak Artikutzan Agerra Mendi Taldeak antolaturiko mendi irteera batean.

Bertze urte batez Beratik Goizuetara mendi irteera antolatu du Agerra Mendi Taldeak. Ibilbidea oinez zein autobusez egiten ahalko da. 

Agerra Mendi Taldearen irteera klasikoa da Beratik Goizuetara egiten duena. Martxoaren 1ean, igandea, eginen dute aurtengoa. 

Irteeran parte hartu nahi duenek, hiru aukera izanen dituzte Goizuetara joateko. Agerratik oinez atera  nahi dutenek, 07:00etan dute hitzordua Agerra Mendi Taldearen egoitzan. Ibilbide osoa oinez egiten dutenek 29 kilometro eta 1.150 metroko igoera metatua izanen dute, eta 7 ordutan ailegatuko dira Goizuetara.

Bidearen puska bat oinez eta bertzea autobusez egiteko aukera ere izanen da. Kasu horretan, 08:15ean elkartuko dira Agerran eta handik Agiñaraino joanen dira autobusez. Zuzenean Goizuetara autobusez joaten nahi dutenak 11:00etan elkartuko dira elkartearen egoitzan. 

Goizuetara ailegatzean bazkaria Oxeguarda jatetxean izanen dute, eta autobusean itzuliko dira Berara ilunabarrean. 

Izen ematea

Irteeran parte hartu nahi dutenek aitzinetik izena eman beharko dute. Horretarako azken eguna otsailaren 26anizanen da. Elkartean bertan apuntatuta, agerramendi@gmail.com helbidera idatzita edo 666 85 80 40  zenbakira mezu bat idatzita egiten ahal da. Irteerak 40 euroko prezioa du eta egunean berean ordaindu beharko da. 30 lagun baino guttiago apuntatzen badira bertan behera geldituko da mendi irteera.

Antolatzaileek jakinarazi dute ez dutela bere gain hartuko ibilbidean izaten ahal den ezbeharren ardurarik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun