Ttikitatik bizi ditu inauteak Josetxok, nahiz eta haurra zeneko oroitzapen argirik ez duen. «Zingar-arroltze eskea egiten genuen, baina aunitzez gehiago ez dut oroitzen», horrela oroitu ditu umezaroko inauteak. Haurra zenetik Berako inauteak aldatu direla oroitzen da, «batez ere orduan ez zelako gaur egun bezala Inudeen eta Artzainen desfilerik egiten ortzegunean. Baserriz baseri zingar-arroltze eskean jendea gehiago ibiltzen zen».
Orain baino gazteagoak zirenean, astelehenean mozorro lehiaketa egiten zen, «eta bikingoz mozorrotuta atera ginen urtean irabazi genuela oroitzen naiz».
«Musikari esker inauteak barrenetik bizi ditut»
Nork bere herriko inauteak izaten ditu gustukoen, eta Josetxok Berakoak bereziak zergatik diren esplikatu du: «Alde batetik, Inudeetan eta Artzainetan mutilak inudez eta neskak artzainez ateratzen dira». Bigarren arrazoia eman du: «Astelehenean, geroz eta karroza gehiago egiten dira, eta hori ere polita da, nahiz eta aurten Altzateko lanengatik ezin izanen den». Horixe izanen dute diferente aurtengoek, Altzateko lanengatik ezin izanen dela karrozarik plazaratu.
Inauteak eta musika
Inautezaletzat du bere burua Josetxok, eta uste du musikak ireki diola inautea barrenetik bizitzeko bidea: «Musikak gazte gaztetatik Kaldereroetan eta Inudeetan eta Artzainetan parte hartzeko aukera eman dit, eta barrenetik bizitzea tokatu zait». Gaur egun ere, musika jotzen segitzen du Berako Musika Bandan, eta hala, musikarekin eta saxofoiarekin lotuta bizitzen ditu inauteak ere. Ez inauteak bakarrik, saxofoia bertzelako besta egiteko ere aprobetxatu izan baitu aunitzetan. «Besta aunitz egindakoa naiz ni, eta horietako aunitz saxofoia jotzeko aitzakiarekin. Txaranga genuen garaian egiten genituen bestak… a zer garaiak!».
Berako inauteetako egun gustukoena inauteetako igandea da Josetxorentzat: Inudeen eta Artzainen desfilea. Nola ez, saxofoia jotzen ateratzen da eta egun osorako plana egiten dute musikaren arrimuan: «Eguna gosaltzeko elkartuz hasten dugu, batzuk lo eginak, eta bertze batzuk oraindik erretiratu gabe etortzen dira, eta giro polita sortzen da goizean goizetik». Ohikoa izaten baita hori ere Beran, bezperan Lesakan besta egin, eta igandean gaupasa eginda joatea dantzara, konpartsara edo musika jotzera. Hori, behin baino gehiagotan egin izan du Josetxok ere, «gaztetan». Orain, ordea, «nahiago izaten dut deskantsatu eta igandea ongi aprobetxatu».
«Bereziki oroitzen naiz ijitoz, ahuntz eta guzti, atera gineneko egunaz»
Goizean bakarrik ez, «giro ederra egun denean izaten dugu bai desfilean eta baita bukatu ondotik ere, txaranga gisa kanta batzuk jotzean». Musikarientzat berezia izaten da igandean musika jotzea herrikoia izaten baita txarangan parte hartzea. «Musika tresna bat jotzen duen edozeinek parte hartzen ahal duenez, urtean zehar harremanik ez duzun jendearekin elkartzen gara, eta hori aunitz gustatzen zait».
Astelehenerako mozorroa
Igandean deskantsurako tarte handirik gabe, astelehenean berriz ere mozorroa soinean karrikan izaten da. Horretarako, eguberrien bueltan hasten dira mozorroa aukeratzen kuadrillan: «Aukera batzuk jarri eta horien artean bozketa egiten dugu». Behin mozorroa aukeratzean, bakoitzak bere aldetik prestatzen du arropa. Mozorroa etxean prestatzen duten horietakoa da: «Etxean inauterizalea den artista bat dugu, eta mozorroak prestatzen bera aritzen da, gehienean etxeko gauzak erabiliz».
Gainerakoan, kuadrillan mozorroaz aparte bertze zerbait prestatu behar badute, badituzte horretan «artistak» direnak ere. «Beraiek pentsatu eta gu laguntzen aritzen gara. Inauteri aitzineko prestaketa egun horiek ere politak izaten dira».
Hainbertze urtetan mozorro parrasta eginak dituzte: motorzalez eta Isabel II erregina eta bere bandaz mozorrotu zirenekoa aipatu ditu «baina oroitzapen hoberena dudana ijitoz atera ginenekoa da, musika zuzenean joz, ahuntzarekin eta guzti ibili ginen!».
Aitzineko urteetako tradizioari segiz, seguru aurtengo inauteetako ere ziur ideia originalen bat prestatu dutela!

