Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa ere irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 9a

Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoko finala jokatu dute otsailaren 7an, larunbat arratsaldean Ibarran (Gipuzkoa).

Argazkiak: ataria.eus.

Berriozarren jokatutako kanporaketan bezala, Beti Gaztek tiraldi guziak irabazi zituen finalean ere eta honenbertzez, txapelketa mistoko txapela ere jantzi du, aitzinetik, gizonezkoen 680 eta 640 kilokoa eta emakumeen 540 kilokoa jantzi dituen bezala. Lesakarren ondotik, Nafarroako bertze bi taldeek osatu zuten podiuma, Txantreak eta Berriozarrek. Ezpeletako Ñapurrak laugarren izan zen, Abadiño borzgarren eta Ibarra seigarren. 

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Elena Zabala (Doneztebe), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Oskar Telletxea (Igantzi), Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Paskual Taberna entrenatzaile zutela. Ñapurrak taldearekin, berriz, Amaia Leiza aritu zen utzita.

Goizuetan Euskal Herriko txapelketaren segida

Dagoeneko lau txapel banatuak direla, Euskal Herriko sokatira txapelketak larunbat honetan segida izanen du Goizuetan.

Otsailaren 14an, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute, Goizuetan. Gizonezkoen 600 kilokoan zazpi talde seguruak dira: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide A eta B, Ñapurrak A, Abadiño eta Txantrea. Ñapurrakek bigarren talde bat eta Antsoainek berea ere plazaratu dezakete. Emakumeen 500 kilokoan bortz talde seguruak dira: Beti Gazte, Badaiotz, Txantrea, Ibarra eta Abadiño. Antsoainek eta Berriozarrek ere plazaratu ditzakete beraien taldeak. Otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian jokatuko da emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean. 560 kiloko gizonezkoen txapelketan Beti Gazte, Ibarra, Zuraide, Ñapurrak, Abadiño eta Txantrea seguruak dira eta, beharbada, Antsoainek ere aurkeztuko du zortzikotea.

Munduko txapelketara ez

Euskal Herriko txapelketaren ondotik munduko sokatira txapelketa ere jokatuko da martxoaren 11tik 15era, aurtengoan Txina Taipein. Baina, kirol arloan, nazioarteko txapelketan nahiz klub artekoan parte hartzeko eskubidea irabazi arren, Beti Gaztek ez du parte hartuko aurtengo mundialean. Penaz hartutako erabakia da, baina «taldeak osatzeko jendez nahiko justu gaude aurten eta ez dugu, bertze batzuetan bezala, maila ona emateko modua ikusten, eta motibazioa falta bada…», aipatu digu Irantzu Goienetxe tiralariak. Gainera, kontuan hartu behar da Txina Taipeirako bidaia, egonaldia, harat joan ahal izateko lanean opor eskatu beharra…. «Horrek ere ez du laguntzen eta aurten ez gara mundialean izanen». Beraz, orain helburu garbia dute, aurten Euskal Herriko txapelketan ahalik eta txapel gehien lortzea. Izan ere, larunbatean Ibarran lortu zutenarekin, historikoki, Euskal Herriko sokatira txapelketa nagusiko 48 txapel ditu Beti Gaztek. Duela 30 urte, 1996an lortu zuten lehena eta aurten jokatzeko hiruetatik bi eskuratuz gero, 50 zenbaki borobila lortuko lukete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun