Benito Tainta zenaren oroimenez, hirugarren aldiz San Fermin lau eta erdiko pilota txapelketa antolatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 10a

Urtetan pilota irakasle eta sustatzaile izan zen Benito Tainta Lesakan. 2010eko argazkian, Arkupe elkartearen 25. urteurrenean egindako omenaldian ageri da, Jose Luis Tainta semearekin eta Iker Tainta bilobarekin batera.

Martxoaren 1era arte eman daiteke izena eta Lesakako sanferminetan, uztailaren 4an edo 11n, jokatuko dituzte finalak.

Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak lau eta erdiaren barreneko eskuz banakako pilota txapelketa antolatu du hirugarren aldiz, Benito Tainta zenaren oroimenez. Bortz kategoriatan jokatuko dute: neskak (2008tik 2012ra jaioak), mutiko infantilak (2012-2013), mutiko kadeteak (2010-2011), mutil jubenilak (2008-2009) eta gizonezko nagusiak. Martxoaren 1era arte eman daiteke izena.

Kategoria bakoitzean 32 pilotari onartuko dituzte gehienez  eta kanporaketa moduan jokatuko da. Apirilaren 19an hasita, neskak Sunbillan, mutiko infantilak Iruritan, mutiko kadeteak Lesakan eta jubenilak  Donezteben ariko dira igande goizetan eta gizonezko nagusiak ortzegunetan Lesakako pilotalekuan. Finalak uztailaren 4an edo 11n jokatuko dituzte, Lesakako sanferminetan.

Izena martxoaren 1era bitarte eman daiteke, joseluistainta@gmail.com edo salaae@gmail.com helbide elektronikoetan. Izen emate orrian telefonoaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat jarri behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun