Inolako bazterketarik gabeko gizartea lortzeko bidea oraindik luzea den arren, norabide horretan pauso kualitatibo handi bat eman du aurten Euskal Pilota Egokitua Sariak, orain arte Gipuzkoara mugatzen zen ekimen bat izatetik, Araba eta Bizkaia ere bere baitan hartuko dituen Zirkuitu bilakatuta. EITBren Bilboko egoitza nagusian egin zuten aurkezpena ortzegunean eta EPE eta Euskal Irrati Telebistaren elkarlanetik sortutako proiektu berri honek bi helburu nagusi izanen ditu, pilota egokituari ikusgarritasuna ematea eta kirol egokituan ari diren kirolariak euskal pilotara erakartzea. Joseba Lasa pilotari lesakarrak parte hartuko du zirkuituan, aulki gurpildunean, palaz.
Egutegia
Egutegiari dagokionean, Bizkaiko Irekia izanen da Zirkuituari hasiera emanen diona; kanporaketak otsailaren 22an jokatuko dira Mallabian eta finalak, martxoaren 1ean Basaurin. Gipuzkoako Irekiak hartuko dio erreleboa, martxoaren 22an Lasarten jokatuko diren kanporaketa eta Zumarragako apirilaren 12ko finalekin. Arabako Irekia iraila eta urria artean jokatuko da, Amurrio eta Laudion. Hiru Ireki hauetako finalak ETBk zuzenean eskainiak izanen dira.
Hiruetan parte hartzeko asmoa du Joseba Lasa lesakarrak
Joseba Lasa Elizagoien lesakarra ere izan zen Bilboko aurkezpenean eta hiru txapelketetan parte hartzeko asmoa azaldu zuen. Oraindik ez daki zeinekin eginen duen bikote, txapelketa irekia baita eta oraindik izena emateko aukera zabalik dagoelako. Izena ematen dutenen pilotarien arabera osatuko direla bikoteak aipatu zuen Iker Amarika antolatzaileak eta txapelketa bakoitzean ezberdinak izanen direla.
Joseba Lasak palmares polita osatua du pilota egokituan. 2019an II. Master Cup txapelketa irabazi zuen eta, garaipen horri eta bere kirol ibilbideari balioa emanez, Lesakako sanferminetako txupinazoa ere berak piztu zuen urte horretan. 2022an txapeldunorde izan zen Espainiako txapelketan eta 2024an Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen.