Oihana Arana, Ane Labaka, Josu Ozaita, Iban Garro eta Ilargi Aristondo idazleek egonaldi bana eginen dute Getaria eta Lesakako ostatuetan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 3a

Iban Garro 'Euri beroak' bere azken lanarekin. Orain, elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartzen dituen ' Begiak kentzen dizkidazu' lana ontzeko egonaldia izanen du azaroan Getarian.

Epaimahaikideek ebatzi dute zeintzuk izanen diren Getariako eta Lesakako ostatuetan idazketa-egonaldi bana gozatuko duten autoreak. Aurkeztutako zortzi proiektuen artetik, sormen prozesuan dauden poema bilduma bat (Oihana Arana), eleberri bat (Ane Labaka), etnografia lan bat (Josu Ozaita), elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko dituen lan bat (Iban Garro lesakarrarena) eta saiakera bat (Ilargi Aristondo) hautatu ditu epaimahaikoak.

Lesakan

Eskoriatzako Oihana Arana Cardenal, bere lana garatzeko otsailaren 2tik 7ra dago Lesakako Pikukobordan. Dolu prozesu batetik abiatutako poema bilduma bat da, bi urtetan idatzitako poemekin ondua. Aitaren heriotzaren ondorengo bizitzaren nondik norakoetan arakatzen dute poemek. Doluan dagoen pertsona baten egunerokotasuna kontatzen da. Proiektua amaiera fasean dago eta 2026ko udaberrirako aurreikusten du lanaren argitalpena. Poema zuzendu, berridatzi, ordenatu eta izenburua pentsatzeko baliatu nahi du egonaldia.

Ilargi Aristondo oiartzuarra, berriz, azaroaren 15etik 20ra, egonen da Lesakako Ekaitza ostatuan. Proiektu honek humanoen eta suaren arteko harremana aztertzen duen saiakera bat proposatzen du egileak, Euskal Pirinioan egindako suaren ikerketa antropologikoan oinarrituta. Egonaldian, landa-lanean jasotako testigantzak eta material etnografikoa berridatziko ditu, idazkera akademikotik aldendu eta hizkuntza narratiboago baten bidez publiko zabalago bati zuzendutako liburuxka batean plazaratzeko.

 

Getarian

Iban Garro Alzuri idazle lesakarra, berriz, Getariako KatuKale apartamentuan eginen du sormen egonaldia azaroan, Begiak kentzen dizkidazu lana garatzeko. Begiak kentzen dizkidazu lan honetan, nerabezaroan gertatzen den eskola jazarpena da landu eta hausnartzen duen gaia, bai jazarriaren bai jazarlearen ahotsetik. Idazleak elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko ditu bere lan honetan, kontakizun berari hiru dimentsio emateko, bi kokapen nagusitan girotutako kontakizunean.

Lasarte-Oriako Ane Labaka bertsolari eta idazlea Itzuri eleberria garatzen egonen da martxoan Getariako San Prudentzio hotelean.

Ibarrako Josu Ozaitak Getariako Saiaz hotelean eginen du sormen egonaldia, Etnografia Getarian lana garatzeko.

Egitasmo hau Getaria eta Lesakako Udalek jarri dute martxan herriko hainbat ostalarirekin batera. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da, eta herriko turismo-baliabideak kultur-sortzaileen eskura jartzea eta euskarazko idatzizko sorkuntza bultzatzea ditu helburu. 2026aren bukaeran iragarriko da hurrengo deialdia, 2027. urtean beste idazketa-egonaldiak aurkezteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun