Nafarroako Trikitixa elkarteak eta Lesakako Trikitixa Taldeak, Lesakako Udalaren eta bertze zenbait erakunderen laguntzarekin antolatutako Nafarroako XII. Trikiti Jaialdia arrakastatsua izan zen larunbatean, entzulez lepo zegoen Lesakako Harriondoa kultur etxean.
Sarrerak agortuta, gozatu ederra hartu zuten hamabigarren edizio honetan parte hartu duten trikitilari, pandero jotzaile eta musikariekin: Sine Die eta Irati Gutierrez, Zabale anaiak eta Lurdes Alkorta, Otxo eta Bahez, Lesakako Nekane eta Maider Etxandi Almandoz ahizpak (sorpresa moduan Goitarrak taldekoak ere igo ziren oholtzara, bere kastañuela doinu eta dantzekin), Eneko Dorronsoro eta, emanaldia bukatzeko, Etxalarko Irune eta Itsaso Elizagoien ahizpak eta Kanadako Jon Pilatzke.
Irati Errandonea beratarrak gidatu zuen Euskal Telebistak grabatu eta hemendik aste batzuetara eskainiko duen saioa. Jaialdiaren ondotik, kalejiran joan ziren Koxkontara eta 140 lagun bildu ziren afarian.