Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilaba Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 2a

Lesakara etorri da Xilaba Bertso Txapelketako txapela. Maddi Ane Txoperena Iribarrenek irabazi zuen larunbatean Donibane Lohizunen jokaturiko finala.

Sei bertsolari aritu ziren kantuan txapelaren bila: Maddalen Arzallus Antia, Irantzu Idoate Funosas, Aitor Servier Etxexuri, Elixabet Etxandi Goihenetxe, Miren Artetxe Sarasola eta Maddi Ane Txoperena Iribarren. Saioa hasi aitzinetik gauza bakarra zen jakina: Xilabak txapeldun berria izanen zuela. Izan ere, ordura arteko txapeldunik ez zen ari finalean kantuan. 

Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekua jendez bete zen bertsolarien jarduna aditzeko. Denera 1.850 lagun bildu ziren bertan. Saioa aurkezten Aritz Bidegain Aire eta Amaia Castorene Luro aritu ziren. 

Lehia estua izan zen, batez ere buruz burukora nor pasatuko zen jakiteko. Lehen postuan sailkatu zen Maddi Ane Txoperena eta Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe berdinduta gelditu ziren. Epai irizpideak eskuetan, Arzallusek kantatu zuen buruz burukoan Txoperenarekin batera. 

Buruz burukoa jokatuta, azkenean Txoperenak lortu zuen txapela 1.132 puntu lortuta. Honela gelditu zen sailkapena: 

  1. Maddi Ane Txoperena Iribarren: 1132 puntu.
  2. Maddalen Arzallus Antia: 1106,5 puntu. 
  3. Miren Artetxe Sarasola: 684,5 puntu. 
  4. Aitor Servier Etxexuri: 682 puntu.
  5. Irantzu Idoate Funosas: 664 puntu.
  6. Elixabet Etxandi Goihenetxe: 606,5 puntu. 

Maialen Hiribarrenen eskutik hartu zituen txapela eta makila Txoperenak eta honako agurrarekin bukatu zuen saioa: 

Elena etxekoandre,
Anttoni hemen neskato,
gaur ere zenbat datozen
hona lanera eskapo,
ta, aldi berean, Paristik
zenbat kolono gisako,
gure hizkuntza eta lurrekin
justu ez direnak gisako;
hamaika Bizkarsorotan
botatako mila malko,
lore joko eta errientsek
egin baitziten planto.
Txapela odolezko ta
hautuzko amatxiendako,
zuek ezina guk eginaz
hain harro zaudetelako,
zuek ekina guk eginaz
hain harro zaudetelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun