Ze auzoetakoa da halako argazkia? Nola da Arantzan bera hitzaren kontrakoa? Zein da baserrian ibiltzen ez dena? Halako galdemoduak zabaldu ditu berriro Uskarantza Arantzako euskara taldeak herritarren artean. Hasi bertzerik ez da egin, «gure euskararekin jostetan aritzeko» gonbita eginez, gehiago egiteko intentzioa baitu. Helburu horrekin Astaluntan izeneko lehiaketa paratu du martxan.
Otsailaren 23tik martxoaren 20ra egunero galdemodu batzuk eginen ditu Uskarantzak. Herritarrentzako lehiaketa izanen da, eta adinaren arabera, bi talde banatuko dituzte. 10 eta 14 urte bitartekoak eskolan ariko dira eta 14 urtetik goitikoek parte hartzeko izena eman beharko dute. Apuntatzeko, izen-abizenak eta helbide elektronikoa 678 03 50 16 zenbakira edo uskarantza@gmail.com helbidera bidali behar dira. Otsailaren 20a izanen da izena emateko hondarreko eguna. Asteko irabazleak igandetan jakinaraziko ditu Uskarantza taldeak eta sariak izanen direla ere aitzindu du.
Baina ez da hori bakarrik izanen. Bertako euskara indartzeko egitasmoa ez du Astaluntan lehiaketara mugatuko Uskarantzak, hau bukatuta, martxorako bertze proposamen bat ere baduelako. Baina xehetasunak aitzinerago emanen ditu. Oraingoz, herritarrei Astaluntan lehiaketan parte hartzeko deia egin die: «Gure uskarari balioa eman behar diogu. Aranztar guziak animzte! Gure altxorra harrotzeko ordua da!».