Maddi Ane Txoperenarekin batera honako bertze bortz bertsolari hauek ere ariko dira larunbateko finalean: Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe. Final gaztea izanen da larunbatekoa, parte hartzaileen bataz bertzeko adina 29 urtekoa baita, eta lehen aldikoz bost emazte izanen dira finalean.
Azaroan hasi zen Xilaba, eta orain arte jokaturiko saio denak irabazita, sei bertsolarietan puntuaziorik altuenarekin sailkatu da finalerako Txoperena. Banakako Xilabako bigarren finala izanen du Txoperenak. Azken finalean ere, 2021ean, kantuan izan zen eta 2019an taldekako Xilaba irabazi zuen Josu Txoperena anaiarekin eta Miren Artetxekin.
Eskualdeko bertze hiru bertsolari ere aritu dira Xilaban kantari: Josu Txoperena lesakarra, eta Karlos Aizpurua eta Haira Aizpurua saratarrak.
Txapel emailea
Maialen Hiribarrenek ezarriko dio txapela larunbateko irabazleari. Bertsularien lagunak elkartean 15 urtez boluntario lanetan jardun du Hiribarrenek. Elkartea bera osatzen eta indartzen animaleko lana egin du, gaur egungo ardatzei hauspoa ematen, batez ere transmisioari. Seaskako irakasle izana da urte luzez erretreta hartu zuen arte eta lehen bertso eskolen bultzatzaile eta sortzaileetako bat ere izan da.
Saiorako oharrak
17:00etan hasiko da saioa Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan, eta sartzeak oraindik ere eskuratu daitezke bertsosarrerak.eus atarian. 16:00etan irekiko dituzte pilotalekuko ateak Bertsularien Lagunak elkarteak saiora garaiz joateko deia egin die entzuleei. Finalean Puntu Ubela ezarriko dute eraso matxistarik jasan edo ikusiz gero, hara joan ahal izateko.
Gainera, saioa zuzenean ikusteko aukera ere izanen da. ETB4 telebista katean zuzenean emanen dute final dena, eta ETB1en berriz, buruz burukoa. Eitb.eus eta Bertsoa.eus atarietan ere ikusten ahalko da finala zuzenean eta Euskal Irratiek eta Naiz Irratiak ere emanen dute.