Lesakako liburutegiak hamar urte beteko ditu aurten Harriondoan

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 27a

Lesakako liburutegia Harriondoa kultur etxera aldatu zutela hamar urte beteko dira urriaren 24an eta urte osorako ospakizunen egitarau zabala prestatu dute.

Urriaren 24an hamar urte beteko dira Lesakako liburutegia herriko etxeko hirugarren solairutik Harriondoa kultur etxera aldatu zutela. Hori dela eta, jarduera eta ekitaldi bereziak antolatuko dituzte urte osoan urteurrena ospatzeko.

Urteurrena ospatzeko urte osoko kultur egitarau prestatu dute, jarduera eta ekitaldi bereziz osatua, ortzegunean Fernando Mikelarenak bere eleberria aurkeztuko du eta Lesakako Gaztetxoen Irakurle Klub berria abiaraziko dute

Ospakizunen hasiera urtarrilaren 22an izan zen, bi artista handi, Itxaro Borda idazle zuberotarra eta Joseba Irazoki musikari beratarra, poesia eta musika uztartu zuen Itzalen Tektonika emanaldiarekin. Ortzegun honetan, urtarrilaren 29an, Fernando Mikelarena historialari beratarrak bere lehen eleberria, Asesinato en la conspiración, aurkeztuko du, 18:30ean, gaztelaniaz eta euskaraz. Hainbat historia liburua idatziak ditu Mikelarenak, baina orain fikziora jo du.

Egitarau zabala otsailetik aitzinera

  • Otsailean, Txilarreko sukaldaria dokumentalaren eta liburuaren aurkezpena eginen dute hilaren 5ean, ortzegunean. Xulufrinak Lesakako Sare Feministaren eskutik, Ane Labakak Hezur berriak poesia liburua aurkeztuko du otsailaren 7an, larunbatean 11:30ean. Otsailaren 26an, ortzegunean 18:30ean, Iban Garro Altzuri lesakarraren Euri beroak poesia liburua aurkeztuko dute.
  • Martxoaren 10ean Literatura eta feminismoa hitzaldia emanen du Iratxe Retolazak, asteartean 18:30ean; martxoaren 11n, Dom Campistronen Etxean liburu aurkezpena eta drag emanaldia ere izanen da, asteazkenean 17:30ean (zortzi urtetik goiti); martxoaren 12an LiterArte antzerki taldeak CompArtiendo antzezlana eskainiko du, ortzegunean 18:30ean.
  • Apirilean sartuta, hilaren 22an, Danele Sarriugarteren Beste zerbait liburua aurkeztuko dute, 18:00etan. Hilaren 23an, Eneko Bidegainen Bichta Éder eleberria hizpide hartuta egilearekin solasaldia eginen dute. Apirilaren 4an Ines Bengoa ipuin kontalaria izanen da liburutegian.
  • Maiataren 28an, berriz, Susana Rodriguez Lezaunek Nafarroako literatura beltzari buruzko solasaldia emanen du. Udatik bueltan ospakizunekin segituko dute liburutegian.

 

Lesakako Gaztetxoen Irakurle Klub berria

Bertzalde, Lesakako haurren irakurzaletasuna sustatu aldera, dagoeneko abian duten Motxila ibiltaria ekimena (3-5 urte) eta Mintzoan kux-kux irakurle kluba (6-8 urte) egitasmoez gain, 9-12 urteko haurrentzat Lesakako Gaztetxoen Irakurle Klub berria (LGIK) abiaraziko dute, Xabi Salaberria gidariaren eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun