Udalak hainbat bilera egin ditu interesa adierazi duten pertsonekin, saihesbidearen proiektuari buruz duen posizioa adierazteko. Horrez gainera, idazki horretan ageri diren hainbat gai argitzeko agiria kaleratu du.
Bortz puntu argitu nahi izan ditu udalak:
Makroproiektua
Proiektuak kalteturiko herritarrel zabalduriko agirian, saihesbideak «makroproiektuak» direla salatu dute. Hori, «argi eta garbi» ez dela horrela adierazi du udalak: «2004ko Udal Planean planteatzen ziren Altzateren ordezko karrika alternatiboen egokitzapenak dira», adierazi dute agirian.
Proiektuei dagokionez, saihesbidearen bigarren fasean, Matzada eta Angulero artean, gaur egungo zabalera eta ezaugarri antzekoak izanen dituela azaldu du udalak, «zubia egiteko bidea egokituz, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren eskakizunak betetzeko. Zubia egiteko 50 metroko egitura da eragin handiena izanen lukeena».
Saihesbidearen hirugarren faseari dagokionez, udalak adierazi du eragin nabarmena izanen lukeela Itzea inguruan eta horregatik fase hori ez garatzea eskatu duela dagoeneko.
Interes pribatuetan eragina
Berako Udalak proiektuak lursail partikularrei eragiten diela onartu eta jabeek beren interesak defendatzeko duten kezka «erabat errespetagarria» dela dio. Hala ere, proiektuak ahalik eta afekzio gutxien eraginen dituela oroitarazi du, «kasu guztietan bezala»
Saihesbidea interes publikoak justifikaturiko proiektua dela argi dio udalak: «Saihesbidearen proiektuan argi dago Altzateko zeharbidea zeharkatu behar duten ibilgailuen trafiko handia murrizteko interes orokorra. Trafiko horrek zailtasun handiak eragiten ditu ibilgailuen joan-etorrian, eta arazo larriak sortzen ditu bide segurtasunean eta oinezkoen segurtasunean. Udalaren iritziz, kasu honetan justifikatuta dago interes pribatu horiei eragitea, interes orokor publikoaren onurengatik, hori baita udalak babestu behar duen ondasun nagusia».
Desjabetu beharreko lursailak ekonomiko konpentsatuko direla oroitarazi dute, «dagokion balorazio proposamenean balioaren arabera».
Ingurumen kalteak
Kaltetutako herritarrek zabalduriko idatzian, proiektuak «ingurumen kalte konponezina» eragingo lukeela salatu dute. Udalak, ordea, puntu hori erabat ukatu du, eta ingurumenean ez duela kalterik eginen adierazi du: «Argi eta garbi ez». Saihesbideen trazadurak 2004ko Udal Planean urbanizagarritzat hartzen dituen hiri lursailetatik igarotzen dela oroitarazi du.
Gehiago ere bai: «Nekazaritzako eta abeltzaintzako aprobetxamenduetara bideratutako landa lurrei ez zaie inola ere eragiten, ezta ingurumena babesteko mailarik duten lurrei ere». Proiektuak ingurumen inpaktuaren azterketa egina dagoela eta hori proiektuarekin batera publiko egin dela oroitarazi du.
Tokiko merkataritza
Herritarrek zabalduriko idatzian, proiektuaren eragin ekonomikoa «eztabaidaezina» dela azaldu dute, eta «tokiko merkataritza, jada bizirauteko borrokatzen ari dena, are gehiago kaltetuko» dela. Udalak, bere aldetik adierazi du, «ez dutela ulertzen» zertan eragiten dion saihesbideak merkataritzari. «Saihesbidearen helburua mendebaldetik ekialdera herria zeharkatu nahi duen trafikoa bideratzea da. Herriko saltokietan erosketak egin nahi dituzte pertsonak arazorik gabe iristen ahal dira saltoki horietara herriko karriketatik».
«Bezeroak saltokietara erakartzeko modua erosketak egitera hurbiltzen diren pertsonentzat espazio atseginagoak eta irisgarriagoak sortzea da, eta gainera, eremu horietatik hurbil aparkalekuak aurreikustea Kanttonberrin egin den eta Altzate egin nahi den bezala».
Ongizate publikoa eta bizi kalitatea
Berako Udalaren iritzian, saihesbideak beratarren ongizate publikoa eta bizi kalitatea hobetuko ditu, «argi eta garbi». Hainbat datu ere eman ditu udalak: «4.700 ibilgailuk gurutzatzen dute Altzate egunero astelehenetik ortziralera, eta egoera gatazkatsuak eragiten dituzte egunero, eta oinezkoen segurtasunari eta trafikoari eragiten diete».
Bigarren fasea eraikitzeak beratarren «ongizate publikoa eta bizi kalitatea hobetzen lagunduko du». Hala ere, oroitarazi du bigarren faseko lanak egiteko Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa lortu behar duela.