EUSKAL HERRIKO SOKATIRA TXAPELKETA

Lesakan jokatutako Euskal Herriko bi txapelak Beti Gaztek jantzi ditu nagusitasunez

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 26a

Beti Gazteko emakumeak (540 kilo) eta gizonezkoak (640 kilo), txapeldun suertatu ziren larunbatean Lesakan.

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako bi txapel jokoan zituzten larunbatean Lesakako udal pilotalekuan eta biak etxean gelditu ziren. Emakumeen 540 kiloko kategorian, Ezpeletan eta Gasteizen jokatutako bi jardunaldietan tiraldi guziak irabaziak zituen Beti Gaztek eta horietan lortutako puntuak kontuan hartzen direnez, Lesakan hirugarren izatearekin aski zuen herriko taldeak. Baina, lehengo lepotik burua, etxean ere tiraldi guziak irabazita, txapela jantzi zuten Beti Gazteko emakumeek. Gizonezkoen 640 kiloko kategorian, Beti Gazte bigarren izan zen Gasteizko jardunaldian, Ezpeletako Ñapurrak taldearen ondotik, baina Lesakan hutsetik hasi ziren lehian. Etxean ez zuen hutsik egin Beti Gaztek eta, gizonezkoek ere, tiraldi guziak maisuki irabazita, jantzi zuten txapela.

Euskal Herriko emakumeen 540 kiloko zortzikote txapeldunean Amaia Leiza, Onintza Zapiain (Bera), Elena Zabala (Doneztebe), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Ubiria, Naiara Otxoteko (Etxalar) eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Maialen Lopez laguntzaile zituztela. Bigarren postuko lehian, Ibarra nagusitu zitzaion Txantreari; Abadiño laugarren izan zen eta Badaiotz bosgarren.

Emakumeen 540 kiloko podiumean, Beti Gazte txapeldun, Ibarra bigarren eta Txantrea hirugarren.

 

Euskal Herriko gizonezkoen 640 kiloko zortzikote txapeldunean, berriz, Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea (Igantzi), Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Ruben Pedrosa (Bera) aritu ziren, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Julen Palenzuela laguntzaile zituztela. Gasteizko saioan tiratu zuten Iker Pikabeak eta Unai Leizak ere jantzi zuten txapela, Paola Oskoz Beti Gazteko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik.

Bigarren posturako izan zen lehiarik estuena, Ezpeletako Ñapurrak eta Bizkaiko Abadiñoren artean. Puntutan berdinduak bukatu zuten eta kitarakoan ere tiraldi bana irabazi zuten. Azken tiraldia bizkaitarrek irabazi zuten eta Abadiño izan zen bigarren eta Ñapurrak hirugarren.

Gizonezkoen 640 kiloko podiumean, Beti Gazte txapeldun, Abadiño bigarren eta Ñapurrak hirugarren.

 

Mistoan orain

Gizonezkoen 680 eta 640 kiloko txapelak eta emakumeen 540 kilokoa irabazita, Beti Gaztek eta gainerako taldeek txapelketa mistoari ekinen diote orain. Urtarrilaren 31n izanen dute kanporaketa Berriozarren eta otsailaren 7an finala Ibarran. Mistoan 8-10 talde ariko dira lehian, 580 kiloz beheiti: Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Abadiño A eta B, Ñapurrak, Antsoain eta Berriozar seguruak dira eta, behar bada, Badaiotzek eta Ibarrak bigarren taldea aurkeztuko dute.

 

Goizuetan jokatuko dute otsailaren 14ko saioa

Otsailaren 14an, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute, Goizuetan. Gizonezkoen 600 kilokoan zazpi talde seguruak dira: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide A eta B, Ñapurrak A, Abadiño eta Txantrea. Ñapurrakek bigarren talde bat eta Antsoainek berea ere plazaratu dezakete. Emakumeen 500 kilokoan bortz talde seguruak dira: Beti Gazte, Badaiotz, Txantrea, Ibarra eta Abadiño. Antsoainek eta Berriozarrek ere plazaratu ditzakete beraien taldeak. Otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian jokatuko da emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean. 560 kiloko gizonezkoen txapelketan Beti Gazte, Ibarra, Zuraide, Ñapurrak, Abadiño eta Txantrea seguruak dira eta, beharbada, Antsoainek ere aurkeztuko du zortzikotea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun