Aurkeztu zeure burua. Nor da Nahia?
Sormena, artea eta moda maite dituen 21 urteko beratarra.
Zein afizio dituzu?
Joskintza eta margolaritza. Lagunekin eta familiarekin denbora pasatzea ere aunitz gustatzen zait.
Nondik heldu zaizu modan duzun interesa?
Betitik izan dut diseinuarekiko eta margolaritzarako interesa. Ttikitatik ibili naiz marrazketa klasetan, familiarentzat diseinuak egiten eta zapiekin nire soineko propioak sortzen. Etxean ere amatxiren eredua izan dut; berak, bizitza guztia eman du joskintza klasetan eta lanetan, berarekin izan dut modarekin lehen kontaktua eta berari esker dut gaur ofizio honekiko pasioa. Birramatxi ere jostuna eta irakasle izan zen. Erraten ahal da odolean izan dudala modarekiko eta sormenarekiko gogoa.
Zer ikasketa egin duzu?
Moda eta patroigintzako goi mailako ziklo baten bigarren kurtsoa egiten ari naiz orain eta bertze ziklo bat egiteko ideia dut.
Nolatan hasi zinen zure jantziak sortzen?
Klasean. Familiarentzako jantzi baten bat ere egin dut, amatxirentzat neurrira egindako jantzia.
Nolakoa izaten da sorkuntza prozesua?
Ideia edo kontzeptu batetik hasten naiz, gaiari buruz ikertu eta diseinatzeko lagungarri zaidan inspirazio panel bat egiten dut, bozetoak eta diseinu finala. Ondotik, patroigintza eta bukatzeko, joskintza prozesua.
Zer da jostea gehien gustatzen zaizuna?
Josteak nire lanean kontzentratzen laguntzen dit. Egindako lana bukatua ikusteak, motibatu eta aurrera jarraitzen laguntzen dizu.
Eta zailena egiten zaizuna?
Akabatu eta detaile onak egitea. Akabatuak dira jantzi bat berezi egiten dutenak.
Zein dira zure erreferenteak modan?
Balentziaga dut erreferenteetako bat. Gure lurraldeko goi joskintzako figura nagusia izan da, artisautzaren balorea zainduz eta forma eta teknika berriak sortuz. Konpromisoaren eta lanaren eredua da niretzat.
Zein amets bete nahiko zenuke aurten?
Aunitz ikasteko aukera izatea eta prozesuaz disfrutatzea.
Eta epe luzera zein amets duzu?
Aunitz ikastea, nire lanak aurkeztea eta burutan ditudan proiektuak aurrera eramatea.