'Izeba Txirrita' antzezlana ikusteko aukera izanen da Beran larunbatean

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 22a

Berako Kultur Etxean izanen da 'Izeba Txirrita' antzezlanaren emanaldia.

Udabiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren barrenean sortutako 'Izeba Txirrita' antzezlana ikusteko aukera izanen da larunbatean Beran. Emanaldia 18:00etan izanen da Kultur Etxean. 

Antzezlanak 1936ko altxamendu frankistatik abiatutako bidaia bat proposatzen du, memoria kolektiborako ariketa bat: mudantza baten erdian, zoriak bi nerabe eta euren izeba zaharra elkartuko ditu familiaren etxe zaharrean. Kutxaz kutxa, izebaren bizitzarekin lotutako sekretuz betetako altxorrak eta pasadizoak aurkituko dituzte. Nerabeek hasieran ez diote kasu handirik eginen, baina poliki-poliki ikusiko dute iraganeko istorio horiek zein bizirik dauden oraindik.

Xabi Payak idatzi du antzezlanaren gidoia eta Olatz Gorrotxategi da zuzendaria. Oholtza gainean Zelako ideiak konpainiako Miren Gojenola, Irene Hernando eta Gontzal Royuela ariko dira. Zazpi urtetik gorako haur eta helduentzako lana da. 

Sarrerek lau euroko prezioa dute eta egunean bertan zein aitzinetik hemen erosi daitezke. Antzerki obrak, berriz, 55 minutuko iraupena iraupena izanen du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun