Urtarrilaren 2an argitaratu zen Buletin Ofizialen Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Azpiegituren zuzendaritza nagusiak sustatuko Berako saihesbidearen trazatu proiektua. Trazatu proiektuak bi saihesbide egitea aurreikusi du Beran. Lehendabizikoa Matzada eta Illekueta inguruan eta bigarrena Illekuetatik Itzeara. Lehendabizikoa eraikitze bidean dago, Eztegara eta Matzada artean.
Proiektuak saihesbide horiek gauzatzeko hainbat trazadura aukera aztertzen ditu, eta arrazoi teknikoak eta ingurumen kontuak tarteko, fase bakoitzerako trazadura baten alde egiten du. Trazadura horiek gauzatzeak eragina duen lurzatiak zehazten dira proiektuan. Horiek buletineko eranskinean argitaratuta daude, eta horrekin desjabetze espedientea hasten da, eragindako pertsonek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkeztu ahal ditzaten.
Herri Lanen zuzendaritza nagusia da proiektuaren sustatzailea eta alegazioak ebatziko dituena
Urtarrilaren 2an argitaratu zen Foru Agindua, eta 30 eguneko epea dago alegazioak aurkezteko. Udalak jakinarazi du nahi izatera alegazio horiek udalera bideratzen ahal direla, eta udala arduratuko dela aurkezteaz.
Herri Lanen zuzendaritza nagusiak ebatziko ditu alegazioak, eta alegazio bakoitzari modu justifikatuan erantzunen dio. Alegazioak ebatzi ondotik, proiektua idatzi duen enpresak saihesbidearen bi faseak gauzatzeko behin betiko proiektua idatziko du, eta horretarako onartutako alegazioak hartuko ditu kontuan.
Udalaren alegazioak
Udalak oroitarazi du ez duela alegazioak ebazteko prozesuan parte hartzen, eta, eta «interes publikoa defendatzeko» alegazioak aurkeztuko dituela. Alegazio horien artean, behin betiko proiektua bigarren faserako bakarrik idazteko eskatuko du udalak.
Hirugarren fasea ez egiteko hainbat arrazoi daudela uste du udalak. Horien artean funtsezkoena trafiko datuen arabera herrigunetik pasatzen den trafiko gehiena Eztegara (NA-1310) eta Lizuniaga (NA-4410) artekoa dela. Hori saihesbidearen lehenengo eta bigarren faseekin konponduko litzateke udalaren arabera. «Hirugarren faseak Illekueta eta Ibardin arteko trafikoari bakarrik eraginen lioke, hagitzez ere txikiagoa da, eta ez luke justifikatuko Itzean dagoen eremuari eragingo liokeen kaltea».
Gainera, Zelaia eta Itzea arteko sektorearen urbanizazio proiektua garapen jasean dago gaur egun, eta proiektu horrek saihesbidearen 3. faseko proiektuarekin %80an bat egiten duen karrika berria eginen dute, Barojatarren etxea dagoen eremuari eragin gabe. «Itzea ingurua errespetatuko litzateke, eta gainera, diru publikoa aurreztuko litzateke, karrika berri hori egitea urbanizazioaren sustatzaile pribatuei dagokielako».
Finantzazioa lortzeko egin beharreko pausoak
Alegazioez gain, finantzazioari buruzko azalpenak ere eman ditu udalak. Oroitarazi du behin betiko proiektua idazteak eta Nafarroako Gobernuak hori onartzeak ez duela erran nahi jarraian proiektua gauzatuko denik. «Zailena bortz milioi euro baino gehiagoko finantzazioa lortzea izanen da, horretarako nahitaez Nafarroako eta Espainiako Gobernuaren partaidetza izan beharko da».
Bide horretan, udalak aurreratu du harremana izan duela Espainiako Garraio Ministerioarekin eta baita Nafarroako Gobernuarekin ere. «Finantzazio hori bere gain hartu ahal izateko beharrezkoa da Espainiako aurrekontuan sartzea eta ondotik aurrekontu hori Madrilen onartzea, eta une honetan zaila dirudi». Hala ere, udalak lanean segituko duela nabarmendu du finantzazio hori lortzeko.