Berako Altzate karrikako lanak direla eta, ibilgailuen trafikoa Julio Caro Baroja pasealekutik bideratzen ari dira, eta udalak adierazi duenez, «hainbat egoera arriskutsu» sortu dira azken aldian hainbat gidariren «jokabide arduragabeagatik».
Julio Caro Baroja pasealekuan, obraren desbideratzea egokitzeko semaforoak paratu dituzte eta, hor ondoan, eskola eta kiroldegi parean, zebrabide bat egokitu dute oinezkoek errepidea gurutzatu dezaten. Bada, udalak azaldu duenez, hainbat auto gidarik semaforoa gorria dagoenean, eta autoak geldirik ikusita ere, ezkerreko erreia inbaditzen dute, abiadura handian aurreratuz eta zebrabidea inbadituz. «Une horretan oinezkoren bat gurutzatzen ari bada, egoera arriskutsuak sortu daitezke. Gainera, kiroldegi ingurutik zebrabidera sartzen den oinezkoentzat ere egoera arriskutsuak sortzen dira».
Udalak adierazi du onartzen duela semaforoen zikloek «saihestezina diren auto ilarak» sortzen dituztela, baina hori trafikoaren eta oinezkoen segurtasunerako «onartu» behar dela adierazi du. «Aurreratzeko maniobra hori hagitz arriskutsua da, eta segurtasuna arrisku larrian jartzen du». Udala, obraren arduradunarekin batera, hainbat neurri hartzen ari da istripuak saihesteko eta erreiak bereizteko piboteak jarri ditu, aurreratzeko maniobra zailtzeko.
Udalak bidalitako oharrean nabarmendu du «gidari arduragabe horiek edozein neurri gainditu» dezaketela. Horren aitzinean, honako mezua zabaldu du: «Gidari horiek jakin behar dute, beren jokabidearekin istripu larriren bat eragiten badute, erantzukizun zibila zein penala izanen dutela».
Jarrera «arduragabeak» dituzten gidariei jarrera horiek gelditzeko eskatu die udalak, eta bertzetik herritarrei ahal den neurrian «horrelakoak ekiditen laguntzeko» eskatu die. «Guztion artean lagun dezakegu herri seguruago bat izaten».