Jarduera egiten den bitartean, gainontzeko liburutegi zerbitzuak eten eginen dira. Aipatu behar da aurten hamar urte beteko direla Lesakako liburutegia herriko etxeko hirugarren solairutik Harriondoa kultur etxera lekuz aldatu zela eta, urteurren borobil horren harira, hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dute liburutegian. Ortzegunekoa izanen da lehena.
Itzalen tektonika
Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen du Itzalen tektonika. Erdian du epizentroa, eta hark hedatzen dituen uhinak dira albo bietara datozen olerkiak. Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol, Olot. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Hotelak eta geltokiak, haranak eta ur-jauziak. Ostatuak eta hiztegiak aizolbe diren herri bat, basamortua eta gerra. Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordaren poema liburu berriak.