«Nahiz eta zaila den, etorkizunean dantzan segitu nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 18a

Iriarte eta Uranga Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Solte Txapelketan. Argazkia: Goiena.

Ioritz IRIARTE AZPIROZ, Lesakako dantzaria.

Dantza suelto txapelketatan parte hartzen hasi orduko, sariak lortzen hasi da Iriarte. Lesakako Tantirumairu taldean eman zituen dantzan lehenbiziko pausoak eta gaur egun Oinkari taldean ari da.

Dantzan ikusi duen edozeinek erranen du dantzarako abilidade berezia duela. Zauli, gorputza tente, hankak arin eta besoak goiti dituela dantzatzen du Ioritz Iriarte Azpirozek (Lesaka, 2011). Hamalau urte bertzerik ez ditu, baina hasi da nabarmentzen. Horren seinale dira lortutako emaitzak. 

Tantirumairutik Oinkarira

Bortz urterekin hasi zen dantzan, «Lesakako Tantirumairu Dantza Taldean, Jaione Telletxearekin». Gogoan du lehenbiziko klasea: «Ikastolako gimnasioan denak borobil batean jarri ginen, eta joko batzuk ere egin genituen». Orduko bertze oroitzapen handirik ez omen du, baina «gehienbat Txulalai dantza» egiten zutela oroitzen da. Eta hala, Tantirumairun segitu zuen, «borzgarren mailatik aitzinera, Izar Aizpuru irakaslearekin». 

Joan den urtean, berriz, bertze pauso bat eman zuen: Oinkari dantza taldean hasi zen, Villabonan. Hantxe segitzen du, «kontent», hainbertze maite duen hori eginez, nahiz eta ordu aunitz dedikatu: «Astelehenetan, txapelketetarako entseguak ditut Villabonan; asteartetan, aste batean Lesakan euskal dantzak eta hurrengoan Villabonan dantza garaikidea; ortzegunetan, dantza sueltoko saioak Villabonan; eta ortziraletan, euskal dantzak Villabonan».

Horrez gain, Lesakako Musika Bandan tronpeta jotzen du eta Berako institutuan, 3. DBH egiten ari da. Onartu du, agenda hain betea izanda, «batez ere ikasi behar denean, nahiko gogorra» egiten zaiola: «Ez baitut hainbertze denborarik izaten ikasteko. Eta lagunekin egoteko denbora ere guttiago dut». Hortaz, duen denbora ahalik eta gehien probesten saiatzen da: «institututik etxera ailegatu, bazkaldu eta ikasten hasten naiz. Batzuetan kotxean pasatzen dudan denbora ere ikasteko probesten dut. Etxera bueltatu, afaldu eta berriz ikastera». Hala ere, gustuko tokian maldarik ez: «Haurra nintzenetik dantza aunitz gustatu izan zait». Ama ere dantzaria du, ibilbide luzea du dantzaren munduan, eta semeak aitortu duenez, «ama dantzan ikustea betitik gustatu zait». Amak «transmititzeko, irri egiteko, lasai egoteko eta disfrutatzeko» erraten omen dio, eta semeak bere egin du amaren errana; gozatzen ari da. 

Dantza txapelketak

Oraingoz, hiru txapelketatan ibili da, eta palmaresa osatzeko bideari hasiera ederra eman dio. «Maiatzean entseatzen hasi», eta urrian Lizartzan, hamasei urtez azpikoen Dantza Solte Txapelketan egin zuen estreinaldia, Tolosako Amane Urangarekin. Bigarren gelditu ziren: «Ez genuen espero. Lehenbiziko, sarituak izan ez direnen izenak erraten dituzte eszenatokira ateratzeko, eta gu ere prest ginen ateratzeko. Ez zuten gure izenik erran eta sorpresa izan zen». Azaroan, Bergaran, Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Solte Txapelketan ere bigarren egin zuten: «Aitzinekoan baino lasaiago ibili nintzen, baina maila handia izaten da eta ez nuen espero». Abenduan ere sariarekin bueltatu zen, Oinkariko kideekin Arabako Fandango eta Arin-Arin Koreografia Txapelketa irabazita. 

Seguran egiten den Euskal Herriko Dantza Txapelketa ezaguna ere begiz joa du: «Noizbait parte hartu nahi nuke. Hemendik bi urtetara edo...». Badaki horretarako lana egin beharko duela, sekretua «aunitz entseatzea eta bikotekidearekin ongi hartzea, konfiantza izatea» baita bere ustez. Baina badu gogoa, eta dantzari on baten ezaugarriak «malgutasuna, indarra, pazientzia, denbora eta konstantzia» direla gogoan hartuta, «etorkizunean ere, nahiz eta zaila den, dantzan segitu nahi nuke».

Labur-labur
  • Tronpeta edo dantza? Dantza.
  • Dantzatzeko toki bat? Lesaka eta Villabonako plaza.
  • Euskal dantzak edo garaikidea? Euskal dantzak.
  • Dantza bat? Arin-arina.
  • Dantzari bat? Izar Aizpuru eta Martxel Rodriguez.
  • Tronpetarekin jotzeko kanta bat? Zurekin batera.
  • Musika talde bat? ETS.
  • Ikasgairik gustukoena? Gorputz Hezkuntza eta Matematika.
  • Sanferminak edo inauteak nahiago? Sanferminak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun