[GUTUNA] Faxismoaren gorakadaz

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 17a

Faxismoaren gorakadaz mintzo da Beñat Iantzi iritzi artikulu honetan. «Faxismoa ez da inoiz desagertu» bere hitzetan, «beti egon da gure artean, gaur den egunean baino gordeago egon bada ere». Argi du: «Faxismoari ezin zaio milimetro bakar bat bera ere utzi eta hitzez zein ekintzez kontra egin behar zaio». Bide horretan, urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean GKSk deituta egitekoak diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. 

II. Mundu Gerraren ondotik, bazirudien faxismoa garaitua zela, faxismoa bukatu zela. Aldiz, azken urteotan Europa osoan ultraeskuineko alderdien gorakadaren lekuko izan gara. Hori gutti balitz, talde faxista ugari sortu dira han-hemen. Espainiako Estatuan, Vox alderdi ultraeskuindarra, Desokupa «enpresa» faxista, Nucleo Nacional, Falangeren berpizkundea…  Baina nola ailegatu gara egun batetik bertzera egoera honetara?

Lehenik eta behin, ulertu behar dugu faxismoaren joerak ia leku guztietan aurki ditzakegula, leku batzuetan bertze batzuetan baino garatuago egon arren; bertze modu batera erranda, faxismoa ez da inoiz desagertu, beti egon da gure artean, gaur den egunean baino gordeago egon bada ere.

Gaur egun bizi dugun krisi kapitalistaren testuinguruan hartu du indarra faxismoak, baina zer gertatu da? Faxismoak langile klaseari bere burua benetako alternatiba erreal bakar bezala aurkeztu dio, nazioaren salbatzaile bezala, alegia. Horrela jokatzen du gaur, eta horrela jokatu du historikoki; hor ditugu Italia eta Alemaniaren adibideak, bertzeak bertze. Krisi garaian, langile klasearen bizi baldintzak nabarmenki okerrera egiten duen horretan, faxismoa fase ofentsiban sartzen da, pil-pilean dauden arazoak apelatuz langile klasea bereganatzeko saiakeran. Langile klasearen benetako etsaiarengandik (burgesiarengandik) fokua desbideratu eta langile klaseko kolektibo minoritarioak jartzen ditu jopuntuan, izan migratzaileak, judutarrak bere garaian… Herrialde bakoitzean bertako historiara eta ezaugarri bereizgarrietara jotzen dute, herrialdearen urrezko garaiak goraipatuz eta kolektibo jakin batzuk herrialdearen egoera txarraren erruduntzat hartuz. Baina mugimendu «iraultzaile eta askatzaile» bezala aurkeztu arren, garbi eduki behar dugu maskara horren gibelean, ideia erreakzionarioak eta terrorismo burgesa bertzerik ez dagoela. Burgesiak faxismoan ikusten baitu bere buruaren salbazioa eta faxismoa finantzatu eta erabiltzen du neurri autoritarioak ezartzeko, gerra inperialistara garamatzaten gastu militarrak igotzeko, langile klasearen antolakuntza saihesteko, beraien jabetzak desokupatzeko… Faxismoa boterera ailegatzea ez da gobernu aldaketa soil bat, burgesiaren dominazio forma batetik (demokrazia burgesa) bertzera (burgesiaren diktadura terrorista) pasatzea dakar aldaketa horrek.

«Euskaldunok ez dugu ADN antifaxistarik, Euskal Herrian faxismoak lekurik izan ez badu, horri konbentzimendu politiko batzuei jarraiki kontra egin zaiolako izan da, eta horrela egin ezean garbi izan behar dugu faxismoak munduko bertze leku guztietan bezala goiti eginen duela»

Eta Euskal Herrian zer? Honetatik guztitik salbu al gaude ? Ba batzuek dioten «ADN antifaxista»-tik hagitz urruti, Euskal Herrian ere faxismoa indarra hartzen ari da. Gazteen artean modan da eskuinekoa izatea eta erabat normalizatuak daude sareetan zein karrikako eguneroko elkarrizketetan migratzaileen aurkako komentarioak, poliziaren presentzia, okupazioaren kriminalizazioa, jarrera matxistak etab. Karriketan ere migratzaileen kontrako pintadak ikusi izan ditugu, lauburuekin dekoratuta. Beraz, ez, euskaldunok ez dugu ADN antifaxistarik, Euskal Herrian faxismoak lekurik izan ez badu, horri konbentzimendu politiko batzuei jarraiki kontra egin zaiolako izan da, eta horrela egin ezean garbi izan behar dugu faxismoak munduko bertze leku guztietan bezala goiti eginen duela. Hori saihesteko, ezinbertzekoa izanen da da langile klasearen fronte antifaxista zabal bat eratzea, burgesiaren (eskuineko zein ezkerreko) alderdietatik independenteki antolatuko dena. Eta zergatik da funtsezkoa langile klasearen independentzia politikoa?

Urriaren 12an Gasteizen Falange espainolari kontra egin zieten gazte langile antifaxistak faxistekin parekatu zituen PNVk, faxismoari kontra egiteari «fascismo vasco» deituz. Bertzalde, Vito Quiles faxistak bertaratu ziren gazte langile antifaxistei esker, ez zuen bere mezua plazaratzeko aukerarik izan eta Iruñeko EH Bilduko alkateak garaipen bezala hartu beharrean, gertakariak «penagarriak» izan zirela eta «Iruñea elkarbizitzarako hiria» dela eta «denok leku bat dugula» erran zuen.

Norberak jakinen du zeini egin nahi dion tokia bere hiri edo karriketan, baina guk argi dugu historiak ongi irakatsi digun bezala, faxismoari ezin zaiola milimetro bakar bat bera ere utzi eta hitzez zein ekintzez kontra egin behar zaiola. Faxismoa boterera ailegatzen bada, ez du segundo bakar batez ere dudatuko langile klase antolatuaren aurka egiteko. Horregatik heldu den urtarrilaren 31n Bilbon zein Iruñean Gazte Koordinadora Sozialistak eginen dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi dizuet! Faxismoaren aurka antolatu! Faxismoaren aurka karrikak hartu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun