Euskal Herriko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute Gasteizen, Lesakako finalen txartelen bila

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 16a

540 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten joan den larunbatean Beti Gazteko emakumeek Ezpeletan eta tiraldi guziak irabazi zituzten. Larunbat honetan Gasteizen ariko dira eta hurrengoan Lesakan izanen dute finala.

Joan den larunbatean jokatu zen Ezpeletan Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa nagusiko lehen jardunaldia. Gizonezkoen pisu astunean, 680 kilotan, Beti Gazte suertatu zen txapeldun. Emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia ere jokatu zuten Ezpeletan eta honetan ere Beti Gazte gailendu zen. Larunbat honetan, berriz, emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia eta gizonezkoak 640 kiloko lehena Gasteizko Abetxuko auzoan.





Emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia eta gizonezkoen 640 kiloko lehena jokatuko dute larunbat arratsaldean Abetxukon

Bi kategoria hauetako finalak urtarrilaren 24an jokatuko dituzte Lesakan. Gizonezkoen 640 kiloko kategorian sei talde seguruak dira: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide A eta B, Ñapurrak A eta Abadiño. Ñapurrakek bigarren talde bat eta Txantreak berea ere beharbada plazaratuko dute. Emakumezkoetan, berriz, Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Abadiño eta Badaiotz lehiatuko dira.

 

Txapelketa mistoa urtarrilaren 31n Berriozarren eta otsailaren 7an Ibarran

Lesakako bi finalen ondotik, txapelketa mistoari ekinen diote. Urtarrilaren 31n izanen dute kanporaketa Berriozarren eta otsailaren 7an finala Ibarran. Mistoan 8-10 talde ariko dira lehian, 580 kiloz beheiti: Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Abadiño A eta B, Ñapurrak, Antsoain eta Berriozar seguruak dira eta, behar bada, Badaiotzek eta Ibarrak bigarren taldea aurkeztuko dute.

 

Pisu arinenak azkenik

Otsailaren 14an, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute, oraindik zehaztu gabeko lekuan. Gizonezkoen 600 kilokoan zazpi talde seguruak dira: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide A eta B, Ñapurrak A, Abadiño eta Txantrea. Ñapurrakek bigarren talde bat eta Antsoainek berea ere plazaratu dezakete. Emakumeen 500 kilokoan bortz talde seguruak dira: Beti Gazte, Badaiotz, Txantrea, Ibarra eta Abadiño. Antsoainek eta Berriozarrek ere plazaratu ditzakete beraien taldeak. Otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian jokatuko da emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean. 560 kiloko gizonezkoen txapelketan Beti Gazte, Ibarra, Zuraide, Ñapurrak, Abadiño eta Txantrea seguruak dira eta, beharbada, Antsoainek ere aurkeztuko du zortzikotea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun