[ARGAZKIAK] XIX. aldiz egin dute asteburuan Beran Mendi Eguna

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 12a

115 lasterkari baino gehiago bildu ziren larunbateko igoeran eta igandean dozena bat lagun joan ziren Larhun Ttikira. 

Argazkiak: Ainhoa Larretxea.

Hemeretzigarren aldiz oroitu dituzte Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi asteburuan Beran. Manttalde Mendi Lasterketa Taldeak eta Agerra Mendi Taldeak antolatuta Mendi Eguna egin dute. 

Larunbatean haurren lasterketa eta Santa Barbarara mendi irteera egin zituzten lehenik, eta 15:30ean hasi zen kronoigoera. 51 bikotek eta hirukotek hartu zuten parte proban, denera 115 lasterkari baino gehiagok. Euria gogotik egin bazuen ere, bide osoan bildu zen jendea lasterkariak animatzeko. Ohikoa den gisan, parte hartzaileen denborak apuntatu zituzten, baina ez zuten sailkapenik egin. 

Lasterketaren ondotik, merienda eta zozketak egin zituzten eta 19:30an Zazpi dokumentala eman zuten Kultur Etxean. Mikel Lizarralde dokumentalaren egilea ere izan zen Beran eta solasaldia izan zuten berarekin. 90 bat lagun bildu ziren denera. 

Igandean Mendi Eguna borobiltzeko, Larhun Ttikira mendi irteera egin zuten hamabi mendizalek. Eguraldi ederra lagun, bista ederrez gozatzeko aukera izan zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun