Euskal Herriko pisu astuneko sokatira txapelketa irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 12a

Beti Gazte txapeldun, Ñapurrak bigarren eta Abadiño hirugarren, Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako podiumean, larunbatean Ezpeletan.

680 kiloko gizonezkoen txapela jantzi dute lesakarrek Ezpeletan eta emakumeak ere nagusi izan dira 540 kiloko lehen jardunaldian

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa nagusia larunbat honetan abiatu da Ezpeletan. Gizonezkoen 680 kiloko txapela jokoan izan dute jardunaldi bakarrean eta Lesakako Beti Gazte taldea nagusitu da. Ondotik, Ezpeletako Ñapurrak eta Abadiño igo dira podiumera, Zuraide A izan da laugarren, Ibarra bosgarren, Zuraide B seigarren eta Ñapurrak B zazpigarren.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Jose Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Julen Palenzuela aritu dira tiran, Iker Pikabea entrenatzaile eta Ruben Pedrosa laguntzaile zituztela.

Beñardo Iantzi, Julen Palenzuela, Ruben Pedrosa, Unai Gurrutxaga, Beñat Ordoki, Iker Pikabea, Oskar Telletxea, Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena eta Joxe Angel Mitxelena, 680 kiloko txapelarekin.

Emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia ere jokatu dute Ezpeletan. Hemen bortz talde aritu dira lehian eta Beti Gazte nagusitu da tiraldi guzietan, Txantrea izan da bigarren, Ibarra hirugarren, Abadiño laugarren eta Badaiotz bosgarren.

 

Emakumezkoen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko finalak urtarrilaren 24an Lesakan

Gizonezkoen pisu astuneko txapela erabaki ondotik, emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia eta gizonezkoak 640 kiloko lehena jokatuko dute urtarrilaren 17an Gasteizko Abetxuko auzoan. Bi kategoria hauetako finalak urtarrilaren 24an jokatuko dituzte Lesakan. Gizonezkoen 640 kiloko kategorian sei talde seguruak dira: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide A eta B, Ñapurrak A eta Abadiño. Ñapurrakek bigarren talde bat eta Txantreak berea ere beharbada plazaratuko dute.

 

Txapelketa mistoa urtarrilaren 11n Berriozarren eta otsailaren 7an Ibarran

Ondotik, txapelketa mistoari ekinen diote. Urtarrilaren 31n izanen dute kanporaketa Berriozarren eta otsailaren 7an finala Ibarran. Mistoan 8-10 talde ariko dira lehian, 580 kiloz beheiti: Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Abadiño A eta B, Ñapurrak, Antsoain eta Berriozar seguruak dira eta, behar bada, Badaiotzek eta Ibarrak bigarren taldea aurkeztuko dute.

 

Pisu arinenak azkenik

Otsailaren 14an, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute, oraindik zehaztu gabeko lekuan. Gizonezkoen 600 kilokoan zazpi talde seguruak dira: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide A eta B, Ñapurrak A, Abadiño eta Txantrea. Ñapurrakek bigarren talde bat eta Antsoainek berea ere plazaratu dezakete. Emakumeen 500 kilokoan bortz talde seguruak dira: Beti Gazte, Badaiotz, Txantrea, Ibarra eta Abadiño. Antsoainek eta Berriozarrek ere plazaratu ditzakete beraien taldeak. Otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian jokatuko da emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean. 560 kiloko gizonezkoen txapelketan Beti Gazte, Ibarra, Zuraide, Ñapurrak, Abadiño eta Txantrea seguruak dira eta, beharbada, Antsoainek ere aurkeztuko du zortzikotea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun