Osasun aholkuak

Aurretiazko Borondateen Agiriari buruz aritu da Lesakako Osasun Zentroa

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 10a

Nafarroako Gobernuak Aurretiazko Borondateen Agiriari buruz emandako argibideak oroitarazi nahi izan ditu Lesakako Osasun Zentroak. Zer den eta nola egiten den, noiz egiten ahal den eta zer sartzen ahal den esplikatu du. 

Zer da Aurretiazko Borondateen Agiria eta nola egiten da?

Aurretiazko Borondateen Agiriaren bitartez, zer eta nolako osasun zainketak eta mediku tratamenduak hartu nahi dituzun hautatzen ahal duzu, baldin eta gaitasuna galdu ondoko egoera egonda, ezin baduzu zure borondatea adierazi.

Nafarroako Gobernuaren arabera, «ezagutzen zaituzten medikuei, erizainei eta gizarte langileei orientazioa eskatzea komeni da agiria betetzeko». Horrekin batera, «zuretzat garrantzitsuak direnekin horri buruz solas egiteko» aholkatu du. Gehiago ere bai: «Hagitz inportantea da ordezkari bat edo bi izendatzea, zuk eskribitutakoa betearazi dezaten».  

Nork eskatzen ahal du?

Hamasei urtetik goitikoek edo emantzipatutako adingabeek eskatzen ahal dute, gaitasun aski badute eta libreki ari badira.

Nola erregistratzen ahal da?

  • Hitzordua eskatuta
    • Osasun etxeko gizarte langilearekin.
    • Osasun laguntza osasun etxean hartzen ez dutenek hitzordua Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuan (Amaia karrika 2 A, hirugarren solairua, Iruñea) eskatzen ahal dute.

  • Zure kabuz
    • Lekuko izanen diren hiru pertsonekin. Adinez nagusiak izan behar dute, eta guttienez bik ez dute izan behar familia edo ondare harremanik zurekin.
    • Kasu honetan, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor batean erregistratu behar da (telematika bidez edo aurrez aurre).
  • Notarioaren aitzinean
    • Notarioak zure Aurretiazko Borondateen Agiria erregistrora igorriko du edo kopia legeztatua emanen dizu zuk zeuk eraman dezazun administrazioaren erregistroren batera.
Noiz egiten ahal dut eta zer sartzen ahal dut?

Agiri hau zure bizitzako edozein momentutan egiten ahal duzu, gaztea eta osasuntsua zarenean edo gaixotasunen bat duzunean. «Garrantzitsua da agiri hau zure erabakiak hartzeko eta horiek adierazteko gai zarenean egitea, gaitasun faltagatik bertzelako egoera batera ailegatu aitzinetik», azpimarratu du gobernuak. 

Aurretiazko Borondateen Agirian zure bizi kalitatearen irizpideak, zure balioak eta sinesmenak zein diren sartzen ahal duzu, baita zure bizitzan gertatzen ahal diren eta osasunarekin zerikusia duten egoerak ere, eta tratamendu eta zainketa batzuk onartzeari edo baztertzeari dagokionez zure borondatea adieraziko duzu. Adibidez, zenbat informazio hartu nahi duzun zure eritasunari buruz, zainketa aringarriei buruz, organoak emateari buruz, eutanasiari buruz...

Nahitaezkoa ez bada ere, gobernuaren hitzetan, «garrantzitsua da pentsatzea zer-nolako kasuak gertatzen ahal diren zure bizitzan osasunari loturik, eta nola nahi duzun zu zaintzea».

Informazio gehiago l0tura honetan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun