Berara ailegatu da Larhuni begira: elkargune bat mendian argazki erakusketa. POCTEFA Larhun-E mugaz gaindiko proiektuaren barrenean antolatu dute erakusketa eta helburua Larhun ingurua eta bertako lankidetza ezagutaraztea da.
Unai Larraia eta Iñako Redin argazkilarien hogei irudik osatzen dute erakusketa. Irudi horietan Larhun mendiak ingurumenari, kulturari eta artzaintzari dagokienez duen aberastasuna ikusten da. Irudi horiekin batera POCTEFA La Rhun-E proiektuak bultzatutako ekintza garrantzitsuenak azaltzeko hainbat panel paratu dituzte: kontserbazio ekintzak, kudeaketa partekatuaren bidezkoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioa bilatzen duten ekintzak.
Erakusketa astelehen, asteazken eta ortziraletan 14:00etatik 20:00etara eta astearte eta ortzegunetan 18:00etatik 20:00etara ikusten ahal da liburutegian. Urtarrilaren 23a izanen da ikusteko azken eguna.
Aitzinetik, erakusketa bera Larungo Kaiola bentan egon zen ikusgai.