Mendi Eguna eginen dute asteburuan Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 8a

Bikoteka zein hirukoteka egiten ahalko da larunbateko proba.

Hemeretzigarren aldiz eginen dute  asteburuan Mendi Eguna Beran. Xabier Zubieta, Luis Mari Pikabea Loro eta Xabier Saralegi omentzeko asmoz sortu zen egitasmoa eta gaur egun mendiaren inguruko besta bihurtua da. Agerra Mendi Taldea eta Manttale Mendi Lasterketa Taldea ari dira antolaketa lanetan. 

Larunbatean, urtarrilaren 10ean, hasiko da Mendi Eguna eta Santa Barbara kaskora eginen duten kronoigoera izanen da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. 14:15ean hasiko da probarako izen ematea eta dortsal banaketa ere orduan eginen dute. Parte hartzaileak bikoteka edo hirukoteka aritu beharko dira, eta hamasei urtetik beherakoak heldu batekin egin beharko dute ibilbidea.

Egunean berean izena emateko aukera egonen bada ere, antolatzaileek ahal dela aitzinetik galdetegi honen bidez egiteko eskatu dute. Ortziralera arte betetzen ahalko da online galdetegia.

Izen ematea bukatzean, 15:00etan, Santa Barbara igotzeko ibilaldi gidatua aterako da Toki Ona institutuko patiotik. Ordu erdi beranduago, 15:30ean hasiko dira lasterkariak. Toki Onako patiotik atera eta Santa Barbarako kaskora igota, berriz ere herrira itzuliko dira, denetara bortz kilometro eta erdiko bidea osatuz. Parte hartzaileen denbora hartuko dute, baina, ez da sailkapenik izanen. 

Behin parte hartzaile denek egitekoa bukatuta, 18:00etan merienda banatuko dute eta zozketak ere izanen dira. 

Larunbateko egitaraua borobiltzeko, Mikel Lizarraldek Zazpi ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Kultur Etxean 19:30ean. Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi garaienak lotu ditu Lizarraldek, eta bidean esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa hartu eta bizitzea zer den kontatuko du. 

Larunbatekoaren ondotik, igandean, mendi itzulia eginen dute. 09:00etan elkartuk dira Toki Ona kiroldegi aitzinean, eta Larhun Ttikira joanen dira. Denera hamahiru kilometroko itzulia osatuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun